SETEMek salatzen du euskal kutxak beren helburu sozialetik urrundu direla, gizartean eta ingurumenean ondorio larriak eragiten dituztelako

27/Abendua/2011 | Noticia

BBK, Kutxa eta Vital Kutxari buruz egin duen ikerketan, GGKEak kutxen gardentasun falta gaitzetsi du, eta herrialde txirotuetako nahiz gure herrialdeko ingurumen- eta gizarte-eskubideen urraketa larriekin erlazionatu ditu. SETEM Hego Haizeak finantza etikoen alde egiten du apustu alternatiba gisa, beste banku-eredu bat posible baita.

SETEM Hego Haizeak gaur goizean Bilbon aurkeztu du BBK, Kutxa eta Vital Kutxari buruz egin duen azterlana. “Euskal aurrezki kutxak: gizartearen eta ingurumenaren gaineko eraginaren analisia” izenburuko txostenean, GGKEak salatzen du finantza-erakundeek giza eskubideak eta eskubide ekologikoak urratzen dituztela, baita armagintza-enpresetan parte hartzen dutela eta etika zalantzagarriko beste jarduera batzuetan dihardutela ere. Alegia, finantza-erakundeak beren eginkizun sozialetik aldendu direla erakutsi dute.

    Txostena Globalizazioko Zorraren Behatokiak (GZB) egin zuen erakundeek argitaratutako informazioan eta GZBk eskatutako beste batzuetan oinarrituz. Azterlan horren bidez, SETEM Hego Haizeak bide bat hasi nahi du ikertutako kutxekin hitz egiteko, bezeroek gardentasunez jakin dezaten beren dirua non eta zertarako erabiltzen den eta erabaki horietan parte har dezaten.  

    Antzemandako eraginen artean, eragin sozial eta ekologiko handiko kasu batzuk gailentzen dira. Repsolen, Petronorren, Iberdrolan, Inverlurren eta beste enpresa batzuetan duten partaidetzaren bidez, BBK eta Kutxa Perun, Argentinan, Brasilen eta beste herrialde txirotu batzuetan nahiz gure inguruan gauzatzen diren ingurumen- eta gizarte-eskubideen urraketa larrien erantzule dira, adibidez, Bizkaiko kostaldeak kutsatzea, Malagako ustelkeria urbanistikoko kasuak eta Murtziako eremu babestuetako ustelkeria kasuak.

    Halaber, aipatzekoa da Kutxak, BBK-k eta Vital Kutxak CAF, Amper, Ibérica del Espacio, RYMSA eta beste armagintza-enpresa batzuetan duten parte-hartzearen larritasuna. Horrez gain, SETEMek gaitzetsi egiten du kutxek paradisu fiskaletan sozietate ugari dauzkaten enpresetan parte hartzea, eta bezeroek higiezinen kuotak ordaindu ezin dituztenean finantza-erakundeek betearazpenak modu zalantzagarrian kudeatzen dituztela salatu du.

    Biztanleengan eragin negatiboak dauzkaten urraketa larri horiek ikusirik, SETEM Hego Haizeak euskal aurrezki kutxei exijitzen die beren jatorriko espiritura itzul daitezela eta gardentasuna lortzeko lan egin dezatela. Era berean, kontrol publiko eta sozial handiagoa eskatzen du: instituzioei exijitzen die eredu gisa joka dezatela eta banku etikoa erabili eta bultza dezatela, baita kutxen jarduerek giza eskubideak errespetatzen dituztela ziurtatzea ere.

   DESKARGATU HEMEN AZTERLANA

 

SETEM Hego Haizeak finantza etikoen aldeko apustua mantentzen du, beste banku-eredu bat posible baita. Izan ere, banku etikoek berme eta zerbitzu berberak eskaintzen dituzte, baina gardentasunez eta modu parte-hartzailean, eta irizpide sozialak ekonomikoen aurretik lehenetsi daitezkeela frogatzen dute. Badakienez jarduera ekonomikoa ez dela sekula neutrala, GGKEak azpimarratzen du kosta ahala kostako errentagarritasuna azkenean garesti ateratzen dela, eta herritarrei eskatzen die beren finantza-erakundeei gardentasun osoa exijitzeko, baita beren diruarekin zer egiten duten jakiteko ere.