Euskadiko SETEM Hego Haizea GGKEak “Bestelako garapen baten aldeko: Emakume Ekintzaileen Gida” argitaratu du. Argitalpen honen helburua da Euskadin emakumeek zuzendu dituzten ekonomia sozial, solidario eta alternatiboko ekimenei oihartzuna ematea.
Gida berrian emakumeek aurrera eraman dituzten 123 ekimen sozioekonomiko jaso dira, kontsumo-aukera desberdinak eskaintzen dituztela-eta gailentzen diren eta gizarte-, ingurumen- eta kultura-erantzukizunean oinarrituta dauden ekimenak, hain zuzen. Beren proiektuetan, emakume hauek ekonomia garapen komunitarioaren zerbitzura dagoen baliabide gisa aldarrikatzen dute, eta ez helburu gisa.
Oso sektore desberdinetan gailentzen diren proiektuak dira, adibidez, nekazaritzan edo abeltzaintza ekologikoan, modaren diseinu eta salmentan, elikaduran, kosmetikan edo elikagaien arloan, besteak beste. Guztiek dute pertsona erdigunean kokatzen duen ikuspuntu ekonomiko bat. Bide horrek emakumeen eta gizonen arteko berdintasunezko gizarte bat eraikitzea bultzatu nahi du, emakumeek baliabide ekonomikoak eskuratzea eta kontrolatzea hainbeste zailtzen duten genero-estereotipoak desagerrarazten lagunduz.
Lehenengo pertsonan
“Gizon batek nik aurkeztu dudan ideia bera proposatu izan balu, niri gertatu zaidan bezala erokeriatzat joko zuketen ala ideia berritzaile eta arriskatutzat joko zuketen?”, galdetu zion bere buruari Nuria López Martínez ekintzaile bizkaitarrak, “Enjabonadas” proiektuaren arduradunak, argitalpen honetarako elkarrizketa egin ziotenean.
Gida honetan, gizarte-ekonomiako proiektu hauek zuzentzen dituzten emakume batzuen lekukotza pertsonalak ere jaso dira. Ildo berean, “emakumeek ekimen ekonomiko bat martxan jartzen dutenean erronka bikoitz bati egin behar diote aurre: batetik, aurrera eraman behar dute, eta, bestetik, beren familia-erantzukizunekin bateratu behar dute” adierazi du Sandra Crivillek, Ataungo ardi latxaren artilea iruntzeko tailer baten ordezkariak.
Horiek dira SETEM Hego Haizeak prestatu duen gidan jaso diren lekukotzetako batzuk. Gidaren helburua da pertsonen beharretan eta hainbat baliotan (adibidez, elkartasuna, justizia, ekitatea, lankidetza, parte-hartzea eta ingurumena) oinarritutako ekonomia bat bilatzen duten ekimenak gero eta ugariagoak direla frogatzea. Berdintasunezkoagoak diren genero-harremanak barne hartzen dituzten ekoizpen- eta kontsumo-ereduetan oinarritutako ekonomia bat.
* SETEMetik, esteka honetan deskarga dezakezuen gida hau ezagutzera gonbidatzen zaituztegu: https://www.setem.org/setem_ftp/euskadi/Guia_Mujeres_eus.pdf