Aurrezki kutxen inbertsioak ez direla gardenak susmatzen genuenez, eta gaur egun banku bihurtzeko
joera dutela ikusirik, SETEM Hego Haizeak erabaki zuen euskal kutxen (BBK, Kutxa eta Vital
Kutxa) inbertsio-politikei eta -jarduerei buruz eskuragarri dagoen informazioa nolakoa den ikustea,
eta, horretarako, Globalizazioko Zorraren Behatokia (ODG) elkarte espezializatuarekin harremanetan
jarri ginen.
ODGren lanaren emaitza gisa —haren ikuskapen eta erantzukizunpean— lan hau argitaratu da, eragile
sozialei nahiz euskal kutxen bezeroei ezagutzera emateko. Txosten honen oinarria kutxek argitaratutako
informazioa da, baita ODGk eskaturik eman duten beste informazio pixka bat ere.
SETEM Hego Haizeak, jarduera-lerro horrekin, ikertutako kutxekin hitz egiteko bide bat hasi nahi
du, bezeroek gardentasunez jakin dezaten beren dirua non eta zertarako erabiltzen den eta erabaki
horietan parte har dezaten. Lan honen lehenengo urrats gisa, eskuragarri dagoen informazio publikoa
aurkeztuko dugu, kutxekin eta haien bezeroekin alderatzeko.
Horrekin lortu nahi duguna da “finantzen sektoreko produktuak kontsumitzen” dituzten pertsonak
kontzienteago izatea eta gehiago inplikatzea, kontsumitzaile arduratsu gisa jokatuz —ala ez jokatuz—
Euskadin nahiz herrialde txirotu askotan garapen sozial jasangarri eta ekologikoagoa lortzen
lagun dezaketelako.
