Gaur, apirilak 27, egun historiko bat da, SETEM Federazioan (estatuan, “Arropa garbia” kanpainan koordinatua) bereziki ospatzen duguna.
Onartu egin da, hain zuzen, Lola Sánchez Caldentey Podemoseko eurodiputatuak bultzatutako txosten bat, Europako Batzordeari eskatzen diona betebehar lotesleei buruzko lege-proposamen bat aurkez dezala jantzigintza-sektorearen hornidura-kateetarako arreta egokiaren inguruan (aldeko 505 boto, 57 abstentzio, eta kontrako 49 boto).
Horrela, Europako Parlamentuak herritarren iritzia islatu, eta garrantzizko pausoa eman du Nazio Batuen Enpresei eta Giza Eskubideei buruzko Printzipio Gidariei atxikitzean bere gain harturiko betebeharrak betetzeko.
Orain, beharrezkoa da Europako Batzordeak erronkari euts diezaion eta lege-proposamenak taxutu ditzan, arroparen industrian gutxieneko arau batzuk ezartzeko helburuz, bereziki giza eskubideak errespetatzeari eta hornidura-kateen gardentasunari dagokienez.
Ildo horretan, dei hau egiten diogu Europako Batzordeari, zentzuzko arau-konbinazio bat gara dezan, giza eskubideen arloko arreta egokiari buruzko araudi lotesle bat barne, Nazio Batuen Enpresei eta Giza Eskubideei buruzko Printzipio Gidarien ildotik (UNGP, ingelesezko siglen arabera) nahiz hornidura-katearen kudeaketa arduratsurako ELGAren Arreta Egokiari buruzko Jarraibideen ildotik, arropa eta oinetakoak ekoizten dituzten industrientzat.
SETEMen eta “Arropa garbia” kanpainan espero dugu Europar Batasunak norabide horretan aurreratzen jarraitzea, eta lanean ari gara oraindik ehunkien industriako langile guztien eskubideak errespetatuak izan daitezen bermatzeko.