Martxoaren 8an, EMAKUMEOK PLANTO

26/Otsaila/2018 | Noticia

Martxoak 8 honetan SETEM Hego Haizeak Euskal Herriko mugimendu feministak oihukatuko duen EMAKUMEOK PLANTO sustatuko du. Horrela SETEMeko emakumeok ere lanuztearekin bat egingo dugu lan, zaintza, ikastetxe eta kontsumo arloetan. Herrialdeka, hauek izango dira manifestazio deialdiak:

– Bilbo: 20:00, Jesusen Bihotza plaza
– Donostia: 20:00, Boulevard
– Gasteiz: 20:00, San Anton plaza

“Aurtengo martxoaren 8an Euskal Herriko mugimendu feministak bat egin nahi du EMAKUMEOK PLANTO aldarriarekin, menpean hartzen eta zapaltzen gaituen sistema kapitalista, arrazista eta heteropatriarkala salatzeko. Honako eguna bide luze baten abiapuntua izango da. Bide horretan, aliantza berriak ehunduko ditugu, bateratuz eta elkar ezagutuz, gure borrokak berriz pentsatuz, erresistentzia berriak eraikiz, eta baztertzen gaituen mundutik askatuz, betiere alternatiba feminista bat sortzeko helburuarekin.

Sistema honek sexuaren araberako lan banaketa bultzatzen du, eta ezkutatzen eta gutxiesten ditu bai feminizatutako ogibideak, bai bizitzaren iraunkortasunarekin eta zaintzarekin lotutakotako lanak (hazkuntza, heziketa, biziraupenerako nekazaritza, mendekotasun egoeran daude pertsonen arreta, elkartasun sareak, euskarri afektiboa…). Sistema honek ez ditu emakumeen* enpleguak modu berean baloratzen (guk urtean batez beste gizonek baino 7.489 euro gutxiago kobratzen ditugu), feminizatutako lanbideen eta autonomoen prekarietatea sustatzen du, eta ikusezin bilakatzen ditu zaintza lanak, neurri handi batean emakumeek* doan eginak, eta nagusiki migratutakoek. Euskal Erkidegoan etxeko langileen erdiak baino gehiagok atzerritarrak dira eta haien presentzia sektorean % 90-95raino iristen da barne erregimen dauden etxeko langileak aipatzen dugunean (hau da, lan egiten duten etxean lo egin eta asteko
zazpi egunetan 24 ordurako prest egon) eta beti zaintza-lanekin lotuta.

Baina, era berean, horrek guztiak gure bizitza pertsonala, soziala eta politikoa bateratzea eragozten duen gurpil zoro batera bultzatzen gaitu. Sistema honek indarkeria ekonomikoaz jazartzen gaitu.

Egiturazko desberdintasun sistematikoaz zipriztindutako testuinguru horretan, hainbat indarkeria moldek (sexista, arrazista eta klasista) zeharkatzen gaituzte, haien artean elkar gurutzatu eta behin eta berriz errepikatzen dira”. Jarrai ezazu manifestu osoa irakurtzen HEMEN.

– Informazioa, manifestua eta EHko mugimendu feministaren deialdiak: grebafeminista.wordpress.com