Markek arduraz jokatu behar dute ea non eta nola egiten diren haien arropa eta oinetakoak

11/Maiatza/2017 | Noticia

Sinadurak biltzeko kanpaina bat abiarazten dugu, markei gardentasun handiagoa eskatzeko beren hornidura-kateetan.

Marka globalentzat produktuak egiten diharduten fabrikei buruz informazioa edukitzeko beharra era mingarrian geratu da argi Rana Plazako hondamendia eta antzekoak direla bide. Azken horretan, hain zuzen, etiketak bilatu behar izan ziren hondakinen artean, eta bizirik irten ziren pertsonei elkarrizketak egin behar izan zitzaizkien, fabrika haietan zein marka ari ziren ekoizten jakin, eta erantzukizunak eskatzeko.

2016. urtearen bukaeran, modako 28 enpresak, gutxienez, bazeukaten informazioren bat argitaratuta beren marken produktuak egiten zituzten fabrikei buruz. Hala eta guztiz ere, arroparen eta oinetakoen sektoreko askori deseroso gertatzen zaie hornidura-kateei buruzko datuak zabaltzea. Enpresa horietako askok beren merkataritza-praktikak ezkutatzen jarraitzen dute, nahiz eta ardura sozialeko goi-mailako estandarrak eta berme-mekanismoak dituztela aldarrikatzen duten. Bada garaia informazio hori publikoa izateko, eta ardura, benetakoa.

“Aldatu zure zapatak” kanpainak onlineko eskaera bat aurkezten du gaur, Camper, Prada, Birkenstock, Deichmann, CCC eta Leder & Schuh marka globalei eskatzeko beren hornitzaile guztien izenak eta helbideak argitara ditzatela, produktu kimiko arriskutsuak erabiltzeari utz diezaiotela, eta lan-baldintza justu eta seguru batzuk berma ditzatela haien zapatak egiten dituzten langileentzat.

EBn saltzen den larruaren % 85 kromoz ondutakoa da. Halakoak ekoizteko prozesuan, asma, larruazaleko minbizia edo beste gaixotasun hilgarri batzuk sor ditzaketen produktu kimiko batzuen eraginpean egoten dira langileak. Hornidura-kateko beste atal batzuetan, etxetik diharduten emakume langileek ekoizpenaren zati oso garrantzitsu bat egiten dute, gure zapatetan goialdeko larruzko piezak josiz. Emakume horiek ikusezinak dira askotan markentzat, eta egoera bereziki ahulean daude beren enplegatzaileen esplotazioa jasateko.

Oinetako-markek ahalegina egin behar dute beren hornidura-kateetan ahultasun-egoera horiek gertatzeko arrisku handiena duten etapak identifikatzeko, eta neurriak hartu behar dituzte langileak baldintza arriskutsuetatik babesteko eta bidezko tratua zein lansari duina jaso ditzaten zaintzeko, Nazio Batuen Enpresei eta Giza Eskubideei buruzko Printzipio Gidarien ildotik.

Modu paraleloan, koalizio batek, non “Arropa garbia” kanpainaren nazioarteko sareak parte hartzen duen, Gardentasun Konpromisoa sustatu du, alegia, 72 arropa-enpresa zein arropa- eta oinetako-marka propioa duten txikizkari eta supermerkaturi egiten zaien dei bat, hornidura-katean gutxieneko gardentasun-maila bat ezar dezaten. Zehazki, Gardentasun Konpromisoak eskatzen du enpresek argitara eman ditzatela beren produktuak ebaki, josi eta akabatzen dituzten fabriken izenak eta helbideak, bai eta merkaturatu aurretik produktuetan estanpazio, garbiketa edo apainketako faseak egiteko baimenduta dauden azpikontratistenak ere. Era berean, eskatzen du enpresek informazioa eman dezatela fabrika bakoitzean dagoen langile-kopuruaz eta fabrikatzen diren produktuez, fabrikaren jabetza edo kontrola duen enpresaren izena emateaz gain.

Nazioarteko koalizioak konpromisoaren estandarrak betetzen ez dituzten enpresei dei egiten die sektoreko liderrekin bat egitera. Horretarako, Change.org atariko eskaera bat Forever 21, Urban Outfitters, Walmart, Primark eta Armani enpresei zuzentzei zaie, merkatuko beren sektoreetan liderrak diren aldetik, eta gardentasunaren arloan ibilbide luzea egiteko dutelarik, Gardentasun Konpromisoa sinatu, eta urtea bukatu baino lehen aplika dezaten.

Gardentasuna tresna ahaltsua da sustatzeko sektoreko enpresek kontu eman dezaten hornidura-kate globaletan dauden lan-baldintzen inguruan. “Baldin badakigu fabriketan zein marka erosten ari diren, marka horiek erantzule egin ditzakegu eta fabrika hornitzaileetan lan-eskubideekin dauden arazoez edo beste eskubide-urraketa batzuez ohartarazi. Aldi berean, langileak hobeki prestaturik egongo dira markei kezkak planteatzeko soldatei buruz zein fabriketako segurtasunari buruz, eta kalte-ordainak eskatzeko, hori beharrezkoa denean” aditzera eman du Eva Kreislerrek, “Arropa garbia” kanpainako koordinatzaileak. “Gainera, EBko herritarrek informazioa eskuratzeko aukera izango dute, eta erabaki kontzienteak hartu ahal izango dituzte beren oinetakoak erosteko garaian”.