Markak soldata duin bat bermatzetik oso urrun daude oraindik

31/Martxoa/2014 | Noticia

Arropa-marken inguruko ikerlan batek islatzen dituen datuen arabera, oraindik lan handia egin behar da jantzigintzaren sektoreko langileek bizitzeko adinako soldata jaso 

Arropa Garbia Kanpainak gaur “Soldata Duinak” plazaratu du. Sakoneko azterlan horretan, Europako 50 marka garrantzitsu (besteak beste Desigual, Mango eta Inditex konpainia espainiarrak) beren dendetan saltzen dituzten arropak egiten dituzten langileek soldata duina jasotzen dutela bermatzeko zer egiten ari diren jorratzen da.

Soldata duina giza eskubide bat da, baina hala ere, 50 konpainia liderretako bat ere ez da ari soldata duin bat ordaintzen”, esan du Anna McMullenek, txostenaren koordinatzaileak. “Txostenak erakutsi zuenez, marka gehiagok dute soldata duinaren berri eta badakite beren jokabide-kodeetan eta Erantzukizun Sozial Korporatiboan jaso behar dela, baina zoritxarrez, ikertutako marka gehienak ez dira harago iritsi. Mundu osoan milioika gizon eta emakume bizi dira jantzigintzaren industriatik, eta horrexegatik, behar-beharrezkoa da hitz horiek ekintza bihur daitezela lehenbailehen”.

Txosten honetan jasotakoari jarraiki, funtsezkoa da Inditexek langileen bizitzaren benetako kostuetan oinarritutako parametroak garatzea eta lantegiek ordaintzen dituzten prezioan irizpide horiek jasotzea; horrela, soldata duinera hurbilduko litzateke eta.

Bestalde, Mangok oraindik ez du bere lantegi hornitzaileetako langileei soldata duina ordaintzen zaiela bermatzeko konpromisorik hartu, eta ez du ezta bere jokabide-kodean jaso ere.

Ikerketa honetan aztertu den azken marka espainiarra Desigual da. Marka honek ez du soldata duin bat ordaintzen dela bermatzeko parametrorik, eta ez du argitaratzen laneko eskubideei edo merkataritza etikoari buruzko informaziorik.

Soldata duinen aldeko borroka puntu kritiko batera iristen ari da

Jantzigintzaren sektoreko herrialde ekoizle nagusietan, Kanbodian, adibidez, soldata duinen aldeko borrokak aurrera jarraitzen du; izan ere, Asia Floor Wage Alliance-ren azken zifren arabera, soldata duinak, oro har, jantzigintzaren sektoreko langileek jasotzen duten gutxieneko soldataren hirukoitza dira.

Kanbodiako langileek, adibidez, 73 euro baino gutxiago kobratzen dute hilean, hau da, Kanbodiako Asiako Soldata Duinaren zifraren % 22 baino ez. Azken hilabeteotan, jantzigintzaren sektoreko langileek gero eta indarkeria eta aztoramendu handiagoa jasan dute, 116 euroko gutxieneko soldata exijitzen baitute (hala ere, soldata duinaren zati bat baino ez litzateke izango).

Nire gastuak egunero areagotzen dira”, dio Lilik, Kanbodiako lantegi bateko langile batek. “Langileok gela txiki batean jaten dugu, elkarrekin, eta nire lankideek dirua uzten didate, baina bakoitzak diru-kopuru txiki bat baino ezin dugu gastatu, guztiok bidali behar diegulako dirua gure senideei”.