Italiako larruaren kontakizun gogorra: Europan ere lan-eskubideak arriskuan

08/Uztaila/2016 | Noticia

“Larrugintzaren kontakizun gogorra: Santa Croce eskualdeko larrugintza-industriaren muinera eginiko bidaia” txostenean, argitara ateratzen dira hango lan-baldintza prekario eta, batzuetan, ilegalak, batez ere langile etorkinen artean, gehienak gizonak eta asko senegaldarrak direlarik. Aldi baterako kontratuak 4 ordutarako egitea, beltzean lan egitea eta xantaiak pairatzea dira Italian larru-zurraketan lan egiten duten pertsonek jasan beharreko lan-baldintzetako batzuk. Gainera, arrisku larriak daude osasunaren zein segurtasunaren aldetik, oso produktu toxiko batzuekin lan egiten dutelako, kromo-gatzekin kasu.

“Larrugintzaren kontakizun gogorra” lanak, orobat, larrugintzak ingurumenean duen inpaktu gogorra azaleratzen du. Hasteko, abeltzaintzako baliabide asko kontsumitzen ditu, harakintza-industriari loturik; izan ere, planetan landu daitekeen lur guztitik, % 75 abereentzako jana ekoizteko erabiltzen da. Baina larrugintzaren industriak, gainera, hondakin kutsagarriak erruz sortzen ditu: larrua kromoz ontzean, kilogramo bakoitzeko 2 kilogramo produktu kimiko ezabatu behar dira gutxienez, eta 60-250 litro ur erabiltzen dira.

Zurrategiak oinetakogintza-industriaren funtsezko atala diren arren, zapata-markengandik arreta gutxien jasotzen duena da, kanpainak berriki plazaraturiko “Lan eskubide zapalduak” txostenaren arabera, sektoreko 23 enpresatan arreta egokiari buruzko jarduerak aztertuta. Hain zuzen ere, azterketa horrek agerian uzten du Europako marka batzuk Italiako larruaz hornitzen direla.

Izan ere, oinetakogintzarako hornidura-kateko fase horrek badu oraindik presentzia handia Europan, Italian batik bat. Han, Santa Croce larrugintza-barrutian bakarrik badaude 240 bat zurrategi, eta azpikontratista gisa haientzat lan egiten duten 500 lantegi inguru. Kalkulatzen denez, horiek guztiak batuta, 12.700 pertsona inguru enplegatzen dituzte.

Italiako zein Europako larrugintza-elkarteak txostenari sinesgarritasuna ukatzen saiatu ziren, Italian nahiz proiektuaren europar partzuergoan parte hartzen duten beste herrialde batzuetan 2015eko abenduan aurkeztu zenetik. Oinetakogintza-industriaren Europako konfederakundea (CEC), Europako Erkidegoko larrugin-elkarte nazionalen konfederakundea (COTANCE) eta Italiako larrugintza-industriaren batasun nazionala (UNIC) txostenak ateratako ondorioak gutxiesten saiatu ziren, eta presioa egin zioten Europako Batzordeari, “Aldatu zure zapatak” kanpaina finantzatzen baitu, diru-laguntzarako kontratuaren egokitasuna berrazter zezan.

Hala eta guztiz ere, partzuergoari difamazioa leporatu zioten arren (ikus UNIC elkarteak “Aldatu zure zapatak” proiektuaz egin zuen iruzkina eta partzuergoaren erantzuna, ingelesez), ez zuten lortu frogatzea txostenetan ageri diren informazioen artean bat ere faltsua zenik, eta ez zuten lortu isilaraztea kanpainaren salaketa Europako lan-baldintzei buruz.

SETEM federazioak, “Aldatu zure zapatak” partzuergoko kidea izanik, eraso gogorra egin duten lobby horien presioa salatzen du, eta larrugintzaren eta oinetakogintzaren industria globalean dauden arazoei heltzeko beharra aldarrikatzen du, mundu guztian, baita Europan ere. Laster beste txosten bat argitaratuko dugu, Ekialdeko Europan oinetakogintzako lantegietan dauden lan-baldintzei buruz.

 

Oharrak:

Ingelesezko txostenaren infografia bidezko laburpena: http://ropalimpia.org/adjuntos/informes/Resumen%20infogr%C3%A1fico_CYS%20-%20Did%20you%20Know%20therei%20is%20a%20cow%20in%20your%20shoes.pdf

2015eko abenduan ingelesez argitaraturiko txostena:

http://ropalimpia.org/adjuntos/informes/Informe%20italia%20CYS-A%20tough%20story%20of%20leather.pdf