Honela izan zen ZarenSare sarearen VI. topaketa Chiapasen

28/Iraila/2018 | Noticia

Irailaren 12, 13 eta 14an ZarenSare sarearen topaketa izan zen San Cristóbal de las Casas udalerrian, Chiapasen. Kinal Antsetik tokiko antolakundeak jardun zuen anfitrioi, eta bere lan-espazioa utzi zigun bilera egiteko. Oraingoan, sarearen VI. Topaketa honetan,  hauek izan ginen parte hartu genuen antolakundeak: SETEM, Kinal Antsetik (Chiapas), Hemengo eta Hango Emakumeak (Basauri), Elkar-Hezi (Oñati), Donostiako Emakumeen Etxeko Batzorde Ekofeminista, Emakumeak Aniztasunean (Basauri), Sagarrak (Basauri), Beizama Bizia aterpetxea, Mujeres que Crean (Medellín), eta AFEDES (Guatemala). Beste elkarte batzuk, hala nola Penca de Sábila edo Mujeres Transformando, ezin izan ziren etorri, bisak izapidetzean izandako zailtasunengatik edo agenda-arazoengatik.

Topaketa egin baino bi egun lehenago, bertaratuok aukera izan genuen Hegoaldeko Emakume Artisauen Lehen Topaketa partekatzeko eta bizitzeko. Mexikoko hainbat tokitako nahiz Erdialdeko Amerikako eta Hego Amerikako ehuleak, brodatzaileak eta buztinlariak zeuden ordezkaturik, beren diseinuen defentsarako borrokan.

Gure topaketari gagozkiola, lan-eskemak ildo honi jarraitu zion: lehen egunean, kontrastea; bigarren egunean, lan-planaren ebaluazioa; eta hirugarren eguna, gaiak jaso eta koordinazioa nahiz erakunde bakoitzaren zereginak eta ardurak antolatzeko, hurrengo bi urteei begira. Paraleloan, elkarte bakoitzarekin bideo bat grabatu da, sareari zabalkundea eman ahal izateko, eta geure burua kanpoko munduari ezagutarazteko.

Topaketa hau, esperientziak trukatzeko toki bat eskaintzeaz gain, sareari dagokionez gure barneko zein kanpoko zailtasunak eta indarguneak agerian uzteaz gain, gogoeta-espazio bat, oso aberasgarria, sortu du, sarean lan egiten jarraitzera bultzatu gaituena, bai eta bildutako erakundeen arteko aliantza estuagoak eratzera ere, presente ez zeudenak ahaztu gabe. Une magikoak sortu ziren, parte-hartzaile bakoitzaren ilusioari eta gozotasunari esker.

ZarenSare sarearen informazio gehiago HEMEN

Brodatzaileen topaketaren prentsaurrekoaBrodatzaileen topaketaren prentsaurrekoa