Uztailean eta abuztuan Ekuador, Peru, Kolonbia, Mexiko eta El Salvador-eko proiektuak bisitatzen ari dira, ezagutzeko, hurbiltzeko, ikasteko, desikasteko… eta, itzultzean, beren ingurua eraldatzeko.
Hogei bat euskal herritarrek “Elkartasun Auzolandegi”etara bidaiatu dute SETEM Hego Haizea GGKEaren eskutik. Xede-herrialdeak askotarikoak dira: Medellín (Kolonbia), Chiapas (Mexiko), Chimborazo-Bolívar (Ekuador) eta San Salvador (El Salvador). Han, esperientziak trukatzeaz gain, beste komunitate batzuetako errealitatea ezagutuko dute.
SETEMen “Elkartasun Auzolandegi”en helburua da Hegoaldeko herrialdeekiko eta bertako herritarrekiko topaketa eta hurbilketa sustatzea, betiere laguntzearen edo lankidetzan aritzearen perspektibatik ihes eginez. Bidaiariak sentsibilizatzea da helburua, beste esperientzia batzuk ezagutzera ematea; bizitzeko, lan egiteko, bizikidetzan aritzeko eta kontsumitzeko beste modu batzuk ikustea. Hartara, mitoak eta estereotipoak hautsiko dira eta bidaiarien esku jarriko dira Iparraldean nagusi den eredu kapitalista neoliberalarekiko alternatibak eta tresnak.
Hara iritsita, “Elkartasun Auzolandegi”etako partaideak SETEM Hego Haizearekin lankidetzan eta sarean diharduten beste GGKE batzuetako ordezkariek hartzen dituzte. Lan-estrategia berak ditugu, esaterako, lan-eskubideen defentsa, nekazaritza ekologikoaren eta tokiko ekoizpen iraunkorraren aldeko apustua, bidezko merkataritza, emakumeen jabekuntza… Hori dela eta, ekimeneko partaideek “in situ” ezagutuko dituzte nekazaritza-sindikatuak, emakumeen kooperatibak nahiz indigenen eskubideak defendatzen dituzten elkarteak, besteak beste.
“Elkartasun Auzolandegiak 2011” ekimeneko partaideen profila askotarikoa da: ikasleak, langabetuak nahiz sektore askotako langileak, belaunaldi eta bizitza-une desberdinetakoak. Guztiek parte hartu dute “Hegoaldeko herrialdeetako errealitatea” ikastaroan, ezinbestekoa baita udan bidaiatu ahal izateko. SETEM Hego Haizeak garapenerako lankidetzaren eta giza harremanen gaineko ezagutzan sakontzeko interesa duten guztiei urtero eskaintzen dien ikastaro bat da.
Eta itzultzean zer?
Irailean, iritsi berri guztiek “Eta orain zer?” jardunaldian parte hartuko dute. Topaketa horretan, bizitako esperientziak azaldu eta ondorioak aterako dira, eta tokiko ekintzen eta hemengo elkarteen esperientziak ezagutzera emango dira. “Elkartasun Auzolandegi”en helburu bakarra ez da Hegoaldeko herrialdeak hobeto ezagutzea, gure ingurua eraldatzeko haziak landatzea baizik, egunerokotik orokorrera.
SETEMeko Auzolandegietara etorri nahi duzu