Eragozpen fiskalerako plataformak militarismora bideratzen den gastu publikoa salatu du

03/Apirila/2017 | Noticia

Euskadiko Eragozpen Fiskalerako plataformak militarismo-arloko gastu publikoaren diru-xahuketa salatu du, Bilbon, Bizkaiko Foru Aldundiaren jauregiaren ondoan gauzatutako ekintza baten bidez. Ekintza ikusgarri horren bidez, parodia baten aldarrikapen eta umorezko ukitua jarri du. Parodia horretan, irudikatu da nola erabiltzen duten erakundeek herritarren zergen zati bat, errenta-aitorpenean bildua, bidegabe eta kaltegarriak diren hainbat helburutarako, hala nola gastu militarrerako, AHT eta antzeko makroazpiegituretarako edo banku-erakundeak erreskatatzeko.

Harri eta zur ikusten ditugu gastu militarren igoera zentzugabea iragartzen duten berriak, beste ministerio batzuetan ez bezala, dagoneko aski eta sobera kaltetutako Hezkuntza Ministerioan edo Osasun Ministerioan kasu. Esaten denez, Gobernua Pentagonoarekin negoziatzen ari da, demokrazian gastu militarrak izan duen igoerarik handiena ezartzeko, inoiz ez bezalako gastu-igoera bat eginez, eta beldurraren eta gorrotoaren kultura elikatuz, gainera. 2017ko Estatuko aurrekontu orokorrak Defentsa Ministerioaren gastua % 30 igotzea aurreikusten zuen, 2016ko 6.900 milioi euroetatik 2017an 8.900 milioi izatera igarota, baina gastu nabarmen handiagoa iragartzen jarraitzen dute.

“Diru-kopuru eskerga hori gure zergetatik ateratzen da” adierazi du plataformako ekintzaile batek, “horregatik, urtero Eragozpen Fiskaleko bulegoak zabaltzen ditugu hiru lurraldeetan, eta haietan, batere kosturik gabe, bidegabekeria horri desobeditzen laguntzen diogu jendeari; hala, aukera ematen diegu beren zergen zati bat alternatiba eraldatzaile eta solidarioak eraikitzen lan egiten duten beste ekimen sozial batzuetara desbideratzeko.”

Plataforman Eragozpen Fiskala aldeztu dute, “modu pertsonalean zein kolektiboan ahalduntzen gaituen tresna bat delako, bai eta gizarte bidezkoago baten eraikuntzan protagonista izatea ahalbidetzen digun tresna bat ere”.

Honako hauek dira Euskadiko Eragozpen Fiskalerako plataforma osatzen duten antolakundeak: KEM-MOC Bilbao, SETEM Hego Haizea, Ekologistak Martxan, Kakitzat, ESK Sindikatua, Mundubat, Mugarik Gabe eta Euskadiko FIARE Proiektua Babesteko Elkartea.

– Eragozpen fiskalaren webgunea HEMEN

... eragozpen fiskala!… eragozpen fiskala!