Behin udan sartuta urteko garai honetaz hausnartu dugu ondoko iritzi artikuluan. Zer eragina dauka kapitalismo eta heteropatriarkatuaren edertasunaren kanonak gure gorputzetan, hain zuzen ere, emakumeenetan? Zuen gustokoa izatea espero dugu! Eta kontsumoak eragiten dituen indarkeria matxistei buruz gehiago sakontzeko, emaiozu bistadizo bat gure Indarkeria kontsumitzen dugu? azterlanari.
Kapitalismoaren eta heteropatriarkatuaren edertasuna
Hemen da uda, eta harekin batera heltzen da heteropatriarkatuak gure gorputzei egiten dien begirada inkisitoriala. Hamaika mezu eta irudik gorputz perfektuen araua txertatzen dute, gorputzen dibertsitatearen aurka, haien askotariko forma, kolore, usain, tamaina, adin eta abarren aurka. Edertasunaren inguruko fikzio bat normalizatzen da, arrakastaren, ospearen, desiraren, onarpen sozialaren sinbolotzat aurkezturik. Eredu nagusiarekin bat ez datorren gorputz oro aldatu egin behar da, hura onartu beharrean, eta, horretarako, kosmetikoen, arropen, botiken, eta abarren industriekin lotutako produktuak kontsumitzea da irtenbidea, inposatutako kanona lortzeko presioari aurre egite aldera. Gizonen desiraren objektu bihurtzea, gizonentzat sexualki erakargarriak izatea, izango da kanon hori lortu izanaren edo lortzekotan egotearen seinalea.
Edertasuna eta gorputzak homogeneizatzeko estrategia politiko hori desberdin zuzentzen zaie gizonezkoei eta emakumezkoei, eta inpaktu desberdina du batzuengan eta besteengan. Emakumeak eta haien gorputzak jartzen dira, hain zuzen, kapitalismo heteropatriarkalaren urakanaren begian, horren bidez menderatu nahian. Helburua ez da perfektuak izan/egon gaitezen, anestesiatuta edukitzea baizik, dietak eta bikini-operazioak baliatuz.
Edertasunaren ideologia, gorputzen perfekzioaren paradigma, arma politiko ahaltsua da, diseinatuta dagoena kontrol soziala bermatzeko eta hegemonia maskulinoa nahiz ondoriozko botere-harremanak betikotzeko.
Tandem maltzur horretan, emakumeok rol bikoitza jokatzen dugu. Batetik, interesgarriak gara kontsumitzaile potentzial gisa, eta geure buruari eta geure gorputzei diogun gorrotoa merkatuen etekin ekonomikoen igoerarekiko proportzionala izango da. Bestetik, kontsumorako amua gara, edertasun-eredu jakin baten bidez gure gorputzak gauza bihurtuz, beste kategoria batzuk ere tartean direla, hala nola arraza, sexualitatea eta desira, funtzionaltasuna, adina, klasea, eta abar. Kapitalismo heteropatriarkalarentzat kontsumo-ondasun bihurtzen gara, erabili eta botatzeko beste produktu bat gehiago; horrela, ideologia jakin bat sendotzen da, emakumeok besteren –Estatuaren, merkatuaren eta gizonen– beharrizanen zerbitzurako ondasun komunak garela eta gure gorputzak lurralde publikoak direla dioen ideologia, hain zuzen.
Kontsumoa ordena sozial matxista batetik abiatuz eraikitzen da. Enpresa handiek generoari eta sexuari loturiko rol eta identitateetan oinarrituriko beharrizanak sortzen eta inposatzen dituzte, botere-harremanak berrekoitzita eta sendotuta horrela, emakumeak eta arautik kanpora irteten diren gainerako guztiak mendean hartzen dituzten harreman batzuk. Emakumeen gorputzak funtsezko lurraldea dira kapitalismoarentzat eta heteropatriarkatuarentzat, eta, hortaz, lehentasunezkoa da haiek kontrolatzea, haien sexualitateari eustea, eta haien gorputz-prozesuak erregulatzea. Hortik datoz interesa eta lehia, bada, gu aldi berean kontsumoaren objektu eta subjektu bihurrarazteko.
Kontsumo kontziente, kritiko eta eraldatzaile bat egitea, gure gorputzez gozatzeko eta disfrutatzeko bide ematen duena, era on bat bilakatzen da dibertsitatea aldarrikatzeko eta kapitalismoak eta heteropratiarkatuak inposatzen diguten molde estua pitzatzeko, molde horretan ez baitu nahikoa lekurik gure gorputzen egiazko edertasunak.
– Indarkeria kontsumitzen dugu? azterlana HEMEN