Ba al dakigu zer ezkutatzen den etiketen atzean? Produktuen jatorria ezagutzen dugu? Egungo sistema ekonomikoaren alternatibarik badago? Galdera hauek eta beste hainbat bultzatzen dute El Gran Mercado antzezlaneko protagonista alternatibak bilatzera eta modu dibertigarri eta arinean Bidezko Merkataritza mundua ezagutzera.
Pez Limbo antzerki konpainiaren El Gran Mercado antzezlana datorren azaroaren 30ean ikusi ahal izango da Lugaritz Kultur Etxean arratsaldeko 19.30ean. Donostiako Udaleko Lankidetza sailak, Donostia Kulturak eta Donostiako Bidezko Merkataritza taldeak (Emaús, Cáritas Gipuzkoa, Proclade Yanapay, Alboan, Adsis Fundazioa, Proyde Proega eta SETEM) antolaturiko jarduera honen helburua kontsumo arduratsua eta ekonomia solidarioa sustatzea da.
Neurrigabeko kontsumismoa, presaka ibiltzea, iragarki mezuen bonbardaketa edo saltoki handi mugagabeak El Gran Mercado antzezlanaren protagonistaren egunerokoaren parte dira. Hala, egungo mundu kontsumistan galduta, produktu eta etiketen atzean ezkutatzen den mundua argitzen saiatzen da eta Kontsumo Arduratsua edo Bidezko Merkataritza alternatibak proposatzen ditu.
Pez Limbo, begirada kritikoa duen antzerkia
Gasteizko antzerki konpainiak berezko sormenagatik egin du apustua eta publikoaren gertutasuna bilatzen du formatu ezberdinen bitartez. Konpainiak gizartearen eta giza harrremanen begirada kritikoa abiapuntu hartuta sortzen ditu bere ikuskizunak.
Bertaratzen direnen arteko zozketa
Antzerkira joaten diren pertsonen artean zozketatuko da Bidezko Merkataritzako produktu sorta eta Nafarroako Hiriberri Artzibar herrian kokatuta dagoen Mari Cruz Landa-Turismoan asteburua, gosaria eta afaria barne. Zozketako irabazleak irizpide bioklimatikoekin eraikitako zuhaitzeko etxola batean egoteko aukera izango du eta etxeko janari ekologikoa dastatzeko parada ere izango du.
Gonbidapenak, aretoa bete arte
Sarrera doakoa eta gonbidapen bidezkoa izango da aretoa bete arte. Interesa duten pertsonek gonbidapena lortu ahal izango dute 943 481 471 telefonora deitzen edo lankidetza@donostia.eus helbidera idazten.