Maiatzaren 14an ospatuko da Euskal Autonomia Erkidegoan, “Bidezko Merkataritza naiz” goiburuarekin, Bidezko Merkataritzaren Mundu Eguna, berdintasunik ezaren aurka eta justizia sozialaren alde borrokatzen den mugimendu horri lotutako ospakizuna. Egunak balioko du oroitzeko dagoeneko 30 urte igaro direla estatuan bidezko merkataritzako lehen bi dendak zabaldu zirenetik. Bidezko merkataritzan lan egiten duten erakundeek eguna ospatzeko gonbita egiten diete herritarrei, egitarauko askotariko jardueretan zein sare sozialetako #BidezkoMerkataritzaNaiz kanpainan parte hartuz.
Egun honen ospakizunarekin batera eta beste urte batzuetan bezala, Bidezko Merkataritzako Estatuko Koordinakundeak dibulgaziozko txosten bat argitaratu du mugimendu honi buruz. Txosten horretan azaltzen denez, Bidezko Merkataritzaren nazioarteko sarean 2.000 antolakunde ekoizle baino gehiago daude, Afrikako, Asiako, Latinoamerikako zein Karibeko 75 herrialdetan banatuta, eta haietan 2 milioi pertsonak baino gehiagok lan egiten dute.
Espainian, bidezko merkataritzak 30. urteurrena betetzen du, lehen bi dendak zabaldu zirenetik, hain zuzen, Donostian eta Kordoban. Gaur egun, 140 denda eta saltoki espezializatu daude Bidezko Merkataritzako Estatuko Koordinakundearen barruko antolakundeek kudeatuta. Gainera, txikizkako establezimenduetan, azalera handiko saltegietan eta ostalaritza-kateetan ere badaude produktuak. Salmentak, 2014. urtean, 33,2 milioi eurokoak izan ziren, aurreko urtean baino %8 handiagoak. Sektoreko antolakundeetan 130 pertsonak lan egiten dute, eta 2500 baino gehiagok boluntario laguntzen dute, %80 emakumeak direlarik.
Emaiozu bistadizo bat aurtengo Araban eta Bizkaian Bidezko Merkataritzaren Nazioarteko Egunaren jardueren egitaraei eta parte-hartu! Iragarri duten eguraldi txarra dela eta, Gipuzkoan bertan behera utzi dira.