Bidezko merkataritzako antolakundeek dei egiten dute bidegabekeriaren eta desberdintasunaren aurka errebelde agertzera

09/Maiatza/2017 | Noticia

Datorren larunbatean, maiatzean 13an, Bidezko Merkataritzaren Mundu Eguna ospatuko dugu. “Arrazoiak ditugulako errebeldeak gara. Bidezko merkataritza gara, eta zu?” goiburua hartuta, Gasteiz, Bilbo eta Donostian bidezko merkataritzako produktuen kontsumoak gizartearen zein ingurumenaren aldetik dakartzan onurez sentsibilizatuko da. Bidezko merkataritzako antolakundeek deialdia egingo diote euskal gizarteari desberdintasunaren aurka errebelde agertzeko, eta aldarrikatuko dute alternatiba komertzial honek modu erabakigarrian laguntzen duela bai justizia globalean, bai Agenda 2030 deiturikoa betetzea lortzen.

  • Gasteizen jarduera andana burutuko dira. Ohiko tabernaz-tabernako pintxoen ibilbidea eta TrucaRec elkartearekin egingo den arropa-birziklatze tailerra (izen-emateak formacion.euskadi@setem.org helbidean, 5€tan) azpimarratzekoak dira. Klikatu HEMEN aurten Florida parkean burutuko den egitarau osoa ikusteko.
  • Bilbon ere lekuz aldatuko dira jarduerak, eta aurten Erriberako Merkatura ospatuko dira, goizeko 10etatik 14etara. zenbait jarduera izango dira: erakusketa bat, bidezko merkataritzako produktuen gaineko tailer batean parte hartzeko aukera edota bidezko txokolatea dastatu.

 

  • Donostian, 11etatik 14:30etara Boulevardeko Erlojuak salmenta eta dastatze bidezko merkataritzako merkatu bat hartuko du. Antolatutako jardueren artean, trikitilariak, lankidetza jolasak, Tarpuy roll jolasa eta batukada.

Horrez gain, egunean zehar gonbidapena egingo zaie herritarrei desberdintasun eta bazterketa globalaren aurka errebelde ager daitezen. Sare sozialetan #RebélateConCausa kanpainan parte hartuz, bidezko merkataritzaren mugimendutik mundu hobe bat lortzen nola laguntzen duten azalduz.

Bidezko merkataritza eta Agenda 2030
Bidezko Merkataritzaren Mundu Eguna ospatzeko eguna da, baina sistema salatzeko eguna ere, sistema horretan populazioaren % 1 aberastasun globalaren erdiaren baino gehiagoren jabe delako, % 80k ozta-ozta aberastasun horren % 6 daukanean. Posible da errealitate hori amaitzea, beharrezko neurriak hartzen baldin badira.

Pobrezia gainditzeko helburuz, Nazio Batuetan garapen jasangarriko helburuak (GJH) onartu ziren, xede zehatzak dituzten 17 erronka, 2030 baino lehen bete beharrekoak. Halakoetan sartzen dira elikadura-segurtasuna, lan duina, genero-berdintasuna, ekoizpen eta kontsumo jasangarriak edo ingurumenaren zaintza, beste alderdi batzuen artean. Bidezko merkataritzak, antolakunde guztiek bete beharreko bere 10 oinarrizko printzipioen bidez, era argian laguntzen du “Agenda 2030” deiturikoan ezarritako xedeak lortzen, eta, hortaz, herrien garapenean eta ingurumenaren babesean ere bai.

Bidezko merkataritzak baditu zenbait irizpide oinarritzat, hala nola lan-baldintza duin eta seguruak, bai soldata egoki bat, bai, ekoizpenaren trukean, bidezko prezio bat ordaintzea, eta haurren lan-esplotaziorik ez dagoela ziurtatzea. Horrez gain, haren merkataritza-praktikek antolakunde ekoizleak errespetatzen dituzte, eta ez dira saiatzen irabaziak maximizatzen halakoen kaltetan. Kudeaketaren gardentasuna eta langileek erabakiak hartzen parte hartzea dira alternatiba komertzial honek dituen beste printzipio batzuk. Horrela, bidezko merkataritzak era aktiboan laguntzen du pobrezia gutxitzen, elikadura-segurtasuna lortzen, lan duina sustatzen, herrialdeetan zein herrialdeen artean desberdintasuna murrizten, eta bidezkoak, baketsuak eta inklusiboak diren gizarteak bultzatzen.

Bidezko merkataritzaren beste oinarrizko printzipio bat genero-berdintasuna bermatzea da, emakumeentzat bidezko ordainsariak bultzatuz (gizonezko lankideen soldata bera lan berak egitearen truke) eta erabakiak hartzeko organoetan egon daitezen sustatuz.

Bestalde, ekoizte-prozesuetan ingurumena zaintzeko beharra ezartzen du bidezko merkataritzak, energia-kontsumoa murrizten duten praktiken bidez jardunez, energia berriztagarriak erabiliz edo hondakinen inpaktua minimizatuz.

Bidezko merkataritzaren mugimendua 60ko hamarkadan hasi zen, eta egun 2000 antolakundetik gora dauzka, nekazarienak, artisauenak, eta elikagai-ekoizleenak, Latinoamerika, Afrika eta Asiako 75 herrialdetan, haietan 2 milioi pertsonak baino gehiagok lan egiten dutela. Sare horretan 500 antolakunde inportatzaile daude, eta 4000 denda espezializatu baino gehiago Europan bakarrik, bidezko merkataritzaren 10 printzipioak betetzen direla ziurtatzen duten nazioarteko erakundeez gain.

Espainian, 2015ean, bidezko merkataritzako kontsumoa 35 milioi eurokoa izan zen, aurreko urtean baino bi milioi euro handiagoa. Salmentetan, elikagaiak % 93 dira, artisau-lanak, bestalde, % 5, eta kosmetika naturalaren arlokoak, % 2. Kontsumoak gora egin arren, Espainia azken postuan dago oraindik, Europako beste herrialde batzuekin konparatuta; izan ere, beste herrialde batzuetan, bidezko merkataritzan biztanleko eta urteko egiten den kontsumoa 16 aldiz handiagoa da.

– Araban Bidezko Merkataritzaren Mundu Eguneko egitarau osoa HEMEN

Bidezko Merkataritzaren Mundu Eguna DonostianBidezko Merkataritzaren Mundu Eguna DonostianGasteizko pintxoen ibilbideaGasteizko pintxoen ibilbidea