Adidasek ez die jaramonik egin 3.500 kontsumitzaileren aldarrikapenei

11/Urria/2012 | Noticia

SETEM, Garbi Jokatu kanpaina sinatu duten 3.500 pertsonen ordezkari gisa, Adidas Españak Zaragozan duen egoitzara joan da 1.000 sinadura brodatu entregatzera, baina Adidasek ez ditu kanpaina babestu duten pertsona guztien ordezkariak hartu nahi izan.

Aurten Arropa Garbia Kanpainaren euskal sareak, SETEMen zuzendaritzapean eta hainbat sindikatuz, GGKEz eta kontsumitzaile-elkartez osatuta, Arropa Garbia Kanpainara bideratu ditu bere ahalegin guztiak. Kanpaina 50 herrialdetan baino gehiagotan egin da eta milaka erakundek parte hartu dute bertan. Ekintza honen helburua da Batzorde Olinpikoei eta Adidas eta antzeko marka babesleei exijitzea olinpiadetako jantzigintzaren sektoreko langileen lan-eskubideak errespetatzeko konpromisoa har dezatela. Gaur egun, langile horiek oso baldintza eskasetan lan egitera behartzen dituzte sarritan: derrigorrezko ordu estrak, txirotasun-mugaren azpitik dauden soldatak, haurren ustiapena…

Zehazki, Garbi Jokatuk nazioartean hainbat ekintza gauzatu ditu Adidasi langileen eskubideak errespetatzeko konpromisoa har dezala exijitzeko. Martxoan Adidas, Speedo eta Nike markek Sri Lankan, Filipinetan eta Txinan dituzten lantegietako egoera larriaren berri ematen zuten hainbat ikerketa argitaratu ziren: sindikatuen kontrako giroa, soldata miserableak, lan ezegonkorra eta lantegiak ixtea. Horregatik, kontsumitzaileek sinatutako 6.000 postal baino gehiago jaso eta entregatu ziren. Gizartearen presioari esker, Adidasek lankidetzan aritzeko eta langileen lan-eskubideak, soldatak eta ordezkaritza falta berrikusteko konpromisoa hartu du. Baina Filipinetan bakarrik.

Nolanahi ere, Adidasek eman dituen pausoak ez dira nahikoa, eta horren adierazgarri da maiatzean nazioartean Adidasen kontra Premiazko Ekintza bati ekin zitzaiola Indonesiako lantegi bateko pertsonei zor dion 1,8 milioi dolarreko kalte-ordaina exijitzeko. Gaur egun, Adidasek exijentzia horri baietz erantzun gabe jarraitzen du.

Hori dela eta, Garbi Jokatu 2012 eta Arropa Garbia Kanpainek Adidasi presio egiten jarraitzen dute, Londresko Olinpiadak babestu dituen kirol-marka horrek, behingoz, bere lantegi guztietan lan-eskubideak betetzen direla bermatzeko neurriak har ditzan.

Nazioartean, Arropa Garbia Kanpainak, SETEMek koordinaturik, martxotik sentsibilizaziora eta gizarte-presiora bideratutako ekintza batzuk gauzatu ditu, eta ia 200 kirol klubek, federaziok, ikastetxek, gizarte-etxek eta erakundek kanpainarekin bat egitea lortu du, 3.500 kontsumitzaileren sinadurak eskuratu ditu, 200 hedabidetan baino gehiagotan agertu gara, 11.000tik gora pertsonak eman dute gai honen berri gizarte-sareen bidez eta milaka pertsona hurbildu ziren Gasteizen egin zen azken ekitaldira, Tailer Klandestinoaren ekitaldira, alegia.

Gizarte-presioarekin jarraituz eta Garbi Jokatu kanpainarekin bat egin duten kontsumitzaile guztien eskaerak betez, SETEMetik 1.000 sinadura entregatzera joan gara, kanpainarekin bat egin zuten 3.500 pertsonen ordezkari gisa. Eskubideak urratzen jarraitzen dutelako, eta ez dugulako ahazten. Hala ere, Adidas Españak ez gaitu hartu nahi izan, eta ez die jaramonik egin bere langileen lan-eskubideak errespetatzeko konpromiso aktiboa mantentzeko exijentziei.

Hau ez da aparteko kasu bat, eta, horregatik, SETEMetik eta Arropa Garbia Kanpainatik presio egiten eta borrokatzen jarraituko dugu, jantzigintza-markek beren ekoizpen-kate osoko lantegietan lan-eskubidek errespetatzeko konpromisoa har dezaten.