“Gerrarako Eusko Label Armak” jardunaldiak

16/Urtarrila/2019 | Noticia

Euskal Herrian babarrunak, orburuak, patatak eta piperrak baina zerbait gehiago ekoizten da. Euskal Herrian armak ekoizten dira, gerrarako armak, hiltzen duten armak. Eusko Label armak. Horregatik, behean sinadura atxikitzen dugun kolektiboek, urtarrilaren 22tik otsailaren 2ra arte “Gerrarako Eusko Label Armak” jardunaldiak abiatuko ditugu. Begiratu programazioa eta parte hartu!

Horrez gain, ondoko testua sinatu dugu:

Euskal industria militarrak 500 milioi eurotik gorako irabaziak ditu urtero. Gaur egun, ehun euskal enpresa baino gehiagok haien produkzio osoa edo zati bat armen ekoizpenera bideratzen dute, haietako batzuk espainiako sektore militarrean garrantzitsuenen artean daudelarik.
– ITP eta AERNNOVA arlo aeroespazialean
– SENER misil eta elektronika militarraren arloan
– SAPA gerra-tanke eta ibilgailu militarretan.
– DASSAULT eta TURBOMECA Iparralden

Produkzioaren %80 baino gehiago esportatu egiten da:
– Gehiengoa europar herrialdeetara, ondoren NATO, MEB eta abarren gerra operazioetan erabiliak izango direnak, edo bake-ejerzitoek erabiliak.
– Beste zatia gatazkan dauden herrialdeetara bidaltzen da, hala nola Saudi Arabia, Turkia, Israel edo Egiptora.

Behean sinatzen dugun elkarte eta kolektibook, ondoko euskal instituzio publiko zein pribatuen inplikazioa eta hipokresia salatu nahi dugu:
– Unibertsiatearena, unibertsitate eta lanbide hezkiketako zentroak baliatzen dituelako ikerkuntza eta produkzio militarrarentzako;
– Eusko Jaurlaritzarena, gastu militarrean etengabeko gorakada duten aurrekontu ofizialak babestu, onartu eta finantzatzen dituelako, baita industria militarrarentzako dirulaguntzak bideratu ere;
– Zenbait banku-erakundeena, armagintza industria finantzatu eta bertan inbertitzen dutelako;
– Zenbait alderdi politikoren ordezkariena, sektore militarra bultzatu eta finantzatzen duten enpresariak jendaurrean goratu eta aitortzen dituztelako

Jendarteari ere dei egin nahi diogu gerraren inguruan dugun konplizitateari buruz hausnar dezan eta jarrera kritikoa ager dezan:
– Nola liteke euskal futbol talde baten lehendakaria, Errelarena alegia, gerra-tanke fabrika baten zuzendaritzako kide izatea?
– Nola liteke fabrika mota honetako jabeek (Sendagorta familia, Aperribay familia…) instituzio publiko eta pribatuen sari eta goraipatzeak jasotzea?
– Ba al dakigu zertan inbertitzen dituzten bankuek gure aurrezkiak?
– Eskatuko al diegu armagintza-enpresei heriotza eragiten duen produkzioaren birmoldaketa?

Gerraren negozioak ondorio ezin latzagoak ditu milioika pertsonen bizitzetan, heriotza, suntsipena, etsipena eragiten duelarik. Emakumeak eta umeak dira gerra guztietan kaltetuenak, bortizkeria sexual sistematikoa gerra arma bezala erabilia delarik. Gatazka armatuek batazbeste 150.000 heriotza eragiten ditu urtero. 70 milio pertsonek euren etxetik ihes egin behar izan dute biziraun ahal izateko. Gehienak inguruko herrialdeetan geratzen dira, baina horietako gutxi batzuk bidaia geroz eta luze eta arriskutsuagoak abiatzen dituzte, askotan bizia utziz bidean (soilik 2018an 2000 pertsonatik gora Mediterraneoan). Eta gurera heltzen direnean kriminalizazioa, jazarpena eta muturreko pobreziarekin egiten dute topo.

Gure lan egiteko eskubidea ezin da inolaz ere besteen bizitzarako eta askatasunerako eskubidearen gainetik egon. Hau eztabaidaezina da. Horregatik eskatzen dugu euskal industria militarraren produkzioaren birmoldaketa. Produkzio honen helburua erabilpen zibila izatea, irizpide etiko, jasangarri eta solidarioak jarraituz eta bizitza erdigunean jarriz.

Instituzio publikoei ere eskatzen diegu gure herrira heltzen direnen benetako harrera duina, maila guztietako integrazioa ahalbidetzeko behar diren neurriak hartuz. Gure lehergailuek milaka pertsonen ihesaldi behartua eragiten badute, harrera herria izateko betebeharra dugulako.

Askapena, Bake Ekintza Antimilitarista, Bardenas Libres, Emakumeok Gerraren Aurka, Gasteizkoak, Greenpeace, Iruña Harrera Hiria, KEM-MOC, La Guerra Empieza Aquí, Ongi Etorri Errefuxiatuak, OXFAM Intermon, SETEM.