SETEM Hego Haizea erakundeko hiru kide Ekuadorren daude, eta urrian hainbat aste igaroko dituzte bertan, Mujeres de Frente, Acción Ecológica, Fundación Maquita eta Grupo Social FEPP bisitatzeko jarraipen-bidai batean.
Joan den asteazkenean, urriaren 2an, SETEM Hego Haizea hiru kide iritsi ziren Ekuadorrera: Laura Marcaida Larrauri, nazioarteko lankidetza teknikaria Chiapasen (Mexiko); Maider Arnaiz Igartua, nazioarteko lankidetza teknikaria Gasteizen (EAE); eta Ania Saenz de Buruaga Fernandez de Gobeo, boluntarioa eta zuzendaritza batzordeko kidea.
Laura, Maider eta Ania Ekuadorko geografiako hainbat puntutan izango dira urriko lehen hiru asteetan zehar, gure aliatuekin batera garatzen ditugun garapen proiektuen jarraipena egiteko —Mujeres de Frente (urriaren 3tik 5era), Acción Ecológica (urriaren 7tik 9ra), Fundación Maquita (urriaren 10etik 15era) eta Grupo Social FEPP (urriaren 16tik 18ra)—, gure estrategiak eta lan-ildoak partekatzen dituzten erakunde horiek bisitatzeko eta haiekin ditugun harremanak sendotzeko.
Gainera, urriaren 11tik 13ra bitarteko asteburuan, Amazonia bisitatzeko aukera ere izango dute, Shandía – Turismo Zentro Komunitarioaren eskutik. Bertako kitxua komunitatearen proiektua da, eta Maquita Fundazioaren bidezko merkataritza sarearen parte da.
Lehen bisita: Mujeres de Frente
Urriaren 3tik 5era, ostegunetik larunbatera, gure kideak Quito Ekuadorko hiriburuan izan dira, Mujeres de Frente erakundeari bisita egiten. Emakumeen, haurren eta nerabeen arteko hausnarketa, lankidetza eta zaintza komunitatea da, eta hiriaren erdigunean kokatutako Emakumeen Etxea kudeatzen du, hiriko kolektiboei zabalik dagoen zentro kontrakultural eta feminista.
Mujeres de Frente 2004an jaio zen, Quitoko emakumeen kartzelako kolektibo gisa, emakume presoek, preso ez zeuden emakumeek eta espetxetik ateratakoek osatuta, espetxeen aurkako ikerketa-ekintza feministako prozesu baten testuinguruan. Gaur egun, etxeko buru diren 80 emakume inguruk osatzen dute komunitate anitz hori, Quitoko familien sare zabal bati sostengua eskainiz, horietako asko Cotopaxi eskualdeko espetxeari lotuta.
SETEM Hego Haizeak 2013tik ditu harreman egonkorrak Mujeres de Frente erakundearekin. Bisita honetan, esperientziak, estrategiak eta lan-ildoak partekatzeaz gain, bertatik bertara ezagutu ahal izan ditugu Emakumeen Etxean garatutako proiektu batzuk, bai eta horien jarraipena eta balantzea egin ere: joskintza tailerra (Basauriko Udalak eta SETEM Hego Haizeak babestuta, «Mujeres de Frente erakundearekin antolakuntza-sarea, bidezko lana eta bizitza duinak eraikitzea» proiektuaren bidez), elikagaien saski komunitarioa, catering zerbitzua, Espacio Wawas gunea (adingabeak zaintzeko lana birbanatzeko sortutako hezkuntza eta jolas espazioa) eta Formakuntza Politiko Feminista eta Herrikoirako Eskola. Azkenik, SETEMeko kideek «Quito sakona» ezagutzeko tour politikoa egiteko aukera izan zuten.
BIDAIAREN EGUNKARIA
Urriak 3, osteguna
Goizean Heidyk egin zigun harrera Emakumeen Etxean. Espazioa erakutsi zigun, eta bertan burutzen diren proiektu eta ekintzen inguruan egin zigun berba. Lehenengo, herri jantokia ezagutu genuen. Bertan, Canasta comunitaria de alimentos y catering (elikagaien saski herrikoia eta katering) proiektua garatzen dute. Ekimen produktibo bat da eta bi lan ildo dauzka: alde batetik, Mujeres de Frenteko kideei eta haien haurrei doako bazkaria eskaintzea, gosearen arazoari irtenbide kolektiboa emate aldera; bestetik, catering zerbitzua, elikadura osasuntsu eta tradizionalean oinarrituta dagoena.
Mujeres de Frentek duen bigarren ekintzailetza produktiboa ezagutu genuen ondoren: joskintza tailerra. COVID garaian sortu zen, musukoen prezioa izugarri handitu zelako. Gaur egun, mota desberdinetako jantziak egiten dituzte, bai haientzako bai salmentarako. Jantziak sortzeko, materialak berrerabiltzen dituzte, modaren industriak eragiten duen kutsaduraren jakitun direlako. Gainera, jantzien prezioa edonorentzako eskuragarri izatea bermatzen dute.
Bi ekintzailetza horien helburua da sortutako etekinak —ezagutza zein dirua— Mujeres de Frenteko kideen artean modu bidezkoan banatzea, bakoitzaren egoera, gaitasunak eta beharrak kontuan hartuz.
Ondoren, Espacio de wawas y adolescentes (haur eta nerabeentzako espazioa) erakutsi ziguten. Txoko hori Mujeres de Frenteko kide diren eta ekintzailetzetan parte hartzen duten emakumeen haurrek espazio propio bat izan dezaten sortu zen, espazio hezitzaile eta ludiko gisa. Espazio hori sortu zenean hasi zen Mujeres de Frente eta SETEM Hego Haizearen arteko harremana.
Azkenik, Mujeres de Frenteren muin den programaren berri eman ziguten: Escuela de formación política feminista y popular (formakuntza politiko feminista eta herrikoirako eskola). Eskola 2020an sortu zen, Escuela de salud comunitaria (osasun komunitariorako eskola) gisa, COVID-aren pandemiak eragin zituen arazo eta erronkei modu komunitarioan erantzuna emateko. Eskolak bost programa ditu: lehenengoa, espetxetik irteten diren emakumeekin; bigarrena, Guayaquilen, espetxeratuta dauden pertsonen senideekin; hirugarrena, Esmeraldasen, Comadres erakundearekin batera, abortatzeko eskubidearen alde; laugarrena Cotopaxiko espetxean; eta azkena, aurretik trebatutako emakumeekin, ikasle ohiak hezitzaile bihur daitezen. Eskolari esker, erakundea sendotu egiten da, horren oinarrian dauden balioak (justizia, lankidetza, zaintzen etika, etab.) bultzatzen direlako.
Aldi berean, emakumeen eskubideak kolektiboki defendatzeko estrategiak eta tresnak lantzen dira, eta, horrez gain, Escuela de formadoras deritzon programan, emakumeen gaitasunak sendotzen dira, beste emakume batzuen bidelagun izan daitezen. Horrela, emakumeak beren komunitateko buruzagi bilakatzen dira.
Urriak 4, ostirala
Hurrengo egunean, Heidy eta Martha Mujeres de Frenteko kideekin biltzeko plazera izan genuen, bi erakundeon alderdi politiko eta estrategikoei buruz hitz egiteko. Truke hori benetan aberasgarria izan zen; jarrerak lerrokatzeko, lan-eremu komunak identifikatzeko eta elkarlanerako aukerak aztertzeko aukera eman zigun, elkarbanatzen ditugun borroketan elkarrekin ibiltzeko.
Era berean, Basauriko Udalaren funtsekin Mujeres de Frente gauzatzen ari den proiektuaren aurrerapausoei buruz hitz egiteko aukera ere aprobetxatu dugu. Proiektu hori erakundearen oinarri sozialeko emakumeen ahalduntze integralari laguntzen ari da, autonomia gauzatzeko arlo politikoan, eremu ekonomikoan eta antolakuntzari dagokionez; horretarako, formakuntza tekniko eta estrategikoa, elkar zaintza eta komunitate-loturen sendotzea baliatzen ari dira.
Urriak 5, larunbata
Larunbatean, Mujeres de Frenteko kideek «Quito sakona» deritzoten hori ezagutzeko tour politiko batera eraman gintuzten. Lehenik eta behin, San Roque auzoko muinoetako kale garaietatik García Moreno kartzela zaharreko pabiloi abandonatuak ikusi ahal izan genituen. Leku hori Ekuadorko lehen espetxe nazionala izan zen, eta 2014an itxi zituen ateak. Memoria kolektiboan oraindik ere entzuten diren sufrimendu eta erresistentzien agertoki izan da. Mujeres de Frente erakundeko emakume eta senide asko igaro ziren espetxeko korridoreetatik.
Ibilbidea ixteko, kafetegi tradizional batera eraman gintuzten, eta han ezusteko bat aurkitu genuen. Elkarrizketa bizien artean, Ambatoko txokolate ospetsua probatzera gonbidatu gintuzten. Orduan, harriduraz bete gintuen ohitura batekin topo egin genuen: bertakoek gazta fresko zatiak murgiltzen zituzten txokolate beroko katiluetan. Barre artean, ez zuten ulertzen haientzat hain egunerokoa zen zerbaiten aurrean genuen lilura. Barre-algarak eta konplizitate-begiradak elkarbanatu genituen, eta une hura betirako gordeko dugun anekdota ederra bihurtu zen.
Ikasketaz beteriko eta intentsitate handiko egun horien ostean, ezin eskertuago gaude. Adiskideek neurrigabeko eskuzabaltasuna eta maitasuna erakutsi dute, eta, beren antolakundearen ateak ez ezik, beren bizitza eta istorioenak ere ireki dizkigute. Izugarri miresten ditugu, eta ilusioz gainezka gaude elkarrekin ibiltzeko geratzen zaigun guztian pentsatzen dugunean.