Urrian, SETEM Hego Haizea erakundeko hiru kide Ekuadorren izan ziren hainbat astez, Mujeres de Frente, Acción Ecológica, Fundación Maquita eta Grupo Social FEPP bisitatzeko jarraipen-bidai batean. Hirugarren kronika honetan, Maquita Fundazioaren lana gertuagotik ezagutuko dugu.
Urriaren 2an, SETEM Hego Haizeko hiru kide iritsi ziren Ekuadorrera: Laura Marcaida Larrauri, nazioarteko lankidetza teknikaria Chiapasen (Mexiko); Maider Arnaiz Igartua, nazioarteko lankidetza teknikaria Gasteizen (EAE); eta Ania Saenz de Buruaga Fernandez de Gobeo, boluntarioa eta zuzendaritza batzordeko kidea.
Laura, Maider eta Ania Ekuadorko geografiako hainbat puntutan izan ziren urriko lehen hiru asteetan zehar, gure aliatuekin batera garatzen ditugun garapen proiektuen jarraipena egiteko —Mujeres de Frente (urriaren 3tik 5era), Acción Ecológica (urriaren 7tik 9ra), Fundación Maquita (urriaren 10etik 15era) eta Grupo Social FEPP (urriaren 16tik 18ra)—, gure estrategiak eta lan-ildoak partekatzen dituzten erakunde horiek bisitatzeko eta haiekin ditugun harremanak sendotzeko.
Gainera, urriaren 11tik 13ra bitarteko asteburuan, Amazonia bisitatzeko aukera ere izan zuten, Shandía – Turismo Zentro Komunitarioaren eskutik. Bertako kitxua komunitatearen proiektua da, eta Maquita Fundazioaren bidezko merkataritza sarearen parte da.
Honako lotura hauetan, jarraipen-bidaiaren kronika guztiak dituzue ikusgai:
- Lehenengo bisita: Mujeres de Frente (urriaren 3tik 5era)
- Bigarren bisita: Acción Ecológica (urriaren 7tik 9ra)
- Hirugarren bisita: Fundación Maquita (urriaren 10etik 15era)
- Laugarren bisita: Grupo Social FEPP (urriaren 16tik 18ra)
BIDAIAREN EGUNKARIA
Hirugarren bisita: MAQUITA FUNDAZIOA | Urriak 10, 14 eta 15
Urriak 10, osteguna
Maquita Cushunchic Fundazioaren egoitza ezagutzeko parada izan genuen, Ekuadorko hiriburuaren hegoaldean. Heldu ginenean, intalazioaren kanpoaldean, horma-irudi eder batekin egin genuen topo. Barruan, Marinak, Orquideak eta Geovannyk hartu gintuzten, eta Maquita eta SETEM Hego Haizearen arteko harremanaz hitz egiteko aukera izan genuen, baita 2002az geroztik elkarrekin egindako lanaz ere. Asko poztu gintuen konfiantzan eta helburu komunetan oinarritutako harremana finkatu dugula ikusteak.
Ondoren, Cayambe kantoirantz abiatu ginen, «Desarrollo Humano Local y DESCA desde la economía feminista social y solidaria en la parroquia rural indígena Cangahua» proiektuak babestutako prozesuak gertutik ezagutzeko. Proiektu hori Gasteizko Udalak finantzatu zuen 2020 eta 2023 urteen artean.
Santa Marianita komunitatean, biointsumoak ekoizteko unitate bat bisitatu genuen. Bertako ekoizleek lurzoruen kalitatea hobetzeko, laboreen produktibitatea handitzeko eta izurriteei eta gaixotasunei aurre egiteko erabiltzen dituzte. Halaber, proiektuak sustatutako trantsizio agroekologikoaren ereduan oinarritutako chakra agroekologiko batzuk bisitatu genituen.
Azkenik, Pitaná Alto komunitatean dagoen ale-errota bat bisitatzeko aukera izan genuen, itsasoaren mailatik 3.328 metrotara dagoena. Komunitateko emakumeek eta gizonek kudeatzen dute, eta oso erabilgarria da inguruko familientzat.

















Urriak 14, astelehena
Latacungan bisita Orquidearekin
Latacungara abiatu ginen Maquitak Cotopaxi probintzian duen taldearekin elkartzeko. AECIDek 2022an finantzatutako «Mujeres indígenas Kichwa resilientes y empoderadas por una vida libre de violencia y autonomía económica en los Andes de Cotopaxi, Ecuador» proiektuaren aurrerapenen inguruan berba egitea izan zen helburua. Gaur egun, proiektua bi parrokiatan (Chugchilán eta Isinliví) gauzatzen ari da, eta hauexek dira xedeak: emakumeen ahalduntzea eta kichwa identitatearen balioa handitzea, ekoizpen agroekologikoa sustatzea eta emakumeen eta gazteen autonomia ekonomikoa bultzatuko duen ekosistema ekintzailea sortzea.
Gisela Guilcamaiguak, Gabriela Casak eta Marleni Pilataxik, Maquitako Gazte Sarearen ordezkariak, bat egin zuten gurekin Sigchos parrokiara egin genuen bidaian. Ibilbidean zehar, komunitateen egungo testuinguruarekiko kezka azaldu ziguten; izan ere, gazte asko migratzen ari dira aukera faltagatik, baina haien ustez, funtsezkoa da komunitateen oinarri soziala indartzea gazteak lurraldean geratzea ahalbidetuko duten alternatibak sortzeko.
Bilera Chugchilango GAD parrokialarekin
Chugchilánen, parrokiako Gobernu Autonomo Deszentralizatuarekin (GAD) bildu ginen, proiektuko ekintzak gauzatzeko aliatu estrategikoa. Genero-indarkeriaren prebentzioan, ekoizpen agroekologikoan, bidezko merkataritzan, turismo komunitarioan eta ekimen produktiboen kofinantzaketan lagundu duten prozesuei buruz hitz egin genuen.
Marlenik xehetasunez kontatu zizkigun genero-indarkeriaren prebentzioan egindako aurrerapenak, proiektuaren gai nagusia. Komunitateetako emakumeekin batera, Justizia Indigenaren Protokoloa garatu dute, genero-indarkeria prebenitzeko eta gatazkak konpontzeko, justizia indigenaren arauetan eta printzipioetan oinarrituta. Prozesu horretan Emakumeen Kabildoa sortu zen, komunitateko harmoniaren zaindari talde bat, indarkeria kasuetan emakumeei laguntzeaz arduratzen zena. «Prozesu honek erakutsi zigun maitasun propioa izaten», partekatu zuen Marlenik erabakitasunez. «Emakumerik gabe, ez dago justizia indigenarik».
Bilera Chugchilángo komunitateetako ordezkariekin eta ekintzailetzari bisita
Bilera horretan, emakumeek beren esperientziak partekatu zituzten, eta proiektuak beren bizitzetan izan duen eraginari buruz hausnartu zuten. Bihotzetik hitz egin zuten, bakoitzak bere bizipenak eta lorpenak adieraziz. Aipatu zutenaren adibide dira praktika agroekologikoen bidez elikagaien ekoizpenean izan duten hobekuntza eta plater berriak prestatzen ikasi izana.
Beren ekintzailetzen kudeaketan izandako aurrerapena ere nabarmendu zuten: «Lehen ez genekien irabazten ala galtzen ari ginen». Orain, diru-sarrera propio batekin, autoestimuan eta autobalorazioan irabazi dute. Hala ere, ureztatzeko ur falta oraindik ere zailtasun handia dela aipatu zuten.
Ondoren, La Moya eta Guayama San Pedro komunitateetan dituzten etxaldeak bisitatu genituen. Bertan, batez ere, kuiak, borregoak eta oiloak hazten dituzte, eta, besteak beste, letxugak, zerbak eta azak landatzen dituzte. Bisitan, kuiak Andeetako kulturan errotuta dagoen balio sinboliko eta mitikoa duela azaldu ziguten. Elikadura-erabileraz gain, kuia medikuntza tradizionaleko praktiketan erabiltzen da, hala nola «erradiografietan». Erritual hori pertsona baten gorputzetik kuia igurtzitzean datza, «aire txarra» edo gaixotasunak xurgatzeko. Uste da kuiak, espiritualki, bere bizitza pertsonarengatik ematen duela, bere gaitzak xurgatuz. Gero, kuia irekitzean, sendatzaileek gorputzetik zer gaixotasun atera duen identifika dezakete.
Agur esatean, beren ekintzailetza agroekologikoei buruz berri izateaz gain, bizitzarekiko duten errespetuaren eta espirituala eta egunerokoa uztartzeko duten gaitasunaren ulermen sakonagoa genuen.
















Urriak 15, asteartea
Egun hau bereziki hunkigarria izan zen, Aniari agur esan behar izan geniolako, Euskal Herrira itzuli behar baitzuen. Indarrez besarkatu genuen elkar, esperientzia paregabe hau partekatzean izan genuen zorionaz jabetuta. Izan ere, espazio hau aprobetxatu nahi dugu zuri eskerrak emateko, Ania, bidaia honetan gurekin egon zarelako. Benetan zoragarria izan da aste hauetan zurekin bizitzea, abentura ez ezik, konplizitatea, gogoetak eta ikaskuntza ere partekatzea, horrelako esperientzia batek bakarrik eman baitezake. Sinestezina zara.
Maider eta Laurarentzat, bidaiak aurrera jarraitzen zuen.
Bilera Isinlivíko parrokiako GADekin
Eguna Isinlivín hasi genuen eta goizean goiz, parrokiako Gobernu Autonomo Deszentralizatuko (GAD) kideek harrera egin ziguten. Gobernu horrekiko aliantza funtsezkoa da parrokiako komunitateetan proiektuko ekintzak gauzatzeko.
Gure bileran, proiektuaren helburuak finkatzeko erronkei eta aukerei buruz hitz egin genuen. GADek gazteak inplikatzearen garrantzia azpimarratu zuten, garapen komunitarioan berebiziko rola dutela aitortuz. Halaber, informazio baliotsua eman ziguten funts lehiagarriei buruz, proiektuak eta GADek batera finantzatutako tresna bat, bereziki egoera ahulenean dauden emakume eta gazteen talde antolatuek gidatutako ekimen ekonomikoetarako. Oso balorazio positiboa egin zuen tresna horri buruz; izan ere, ekimen horren onuradun izan diren taldeek nabarmen hobetu ahal izan dituzte beren ekintzailetzak.
Gainera, euren lana parrokiako beste komunitate batzuetara zabaltzeko interesa agertu zuten, eskualdean laguntza eta lankidetza sarea are gehiago indartzeko helburuarekin. Irekiera eta hazteko gogo hori Isinlivíren garapen jasangarri eta ekitatiboarekin duten konpromisoaren isla dira.
Isinlivíko komunitateetako ordezkariekin bilera eta ekintzailetzari bisita
Komunitateetako emakume eta gazteekin bildu ginen, eta bereziki esanguratsua izan zen gune horretan lider ziren gazteen parte-hartzea. Lurraldean geratzeko eta bizi-kalitatea hobetzeko aukerak bilatzeko apustua egiten dute. Rodris da horren adibide garbia, beste gazte batzuekin batera uvilla izeneko frutaren ekoizpen-ekintzailetza bultzatzen ari baita. «Zailtasunak zailtasun, lurraldearekiko maitasunagatik geratzen naiz», partekatu zuen. Gainera, gazteak oso kontziente dira klima-aldaketaz, eta beren etxea defendatzen dute baliabide naturalak agortzen eta ingurumena kutsatzen duten erauzketa-jardueren aurrean. Rodris bezalako pertsonek lurralde horietako itxaropena irudikatzen dute.
Eguna amaitzeko, hainbat emakumerekin hitz egiten jarraitu genuen euren baserrietan eta, joan aurretik, energia garbiketa bat eskaini ziguten marco izeneko landare tipiko batekin. Elkarrekin lan egiten jarraitzeko konpromiso berrituarekin agurtu genuen elkar, komunitateen gizarte-ehuna sendotuz.
Amaitzeko, aipatu nahi genuke Maquitako taldeak komunitateekin duen dedikazioa eta konpromisoa miresgarria dela. Beren lanaren bidez, aldaketa nabarmenak sortzen ari dira emakumeen eta haien familien bizitzan. Egun hauek beraiekin partekatzea, euren istorioak entzunez eta euren ezagutzetatik ikasiz, benetako oparia izan zen. Biziki miresten dugu egiten duten lana.









