Ekainaren 26an, SETEM Hego Haizeak ikerketaren ondorio nagusiak aurkeztu zituen jendaurrean, Foro Ireki baten bidez. Indarkeria matxistek aisialdiko kontsumoan duten eraginari buruzko beren esperientzia partekatu zuten hogeitik gora emakume eta pertsona ez bitarrek. Irailean, dokumentuaren aurkezpenak hasiera emango dio hainbat hilabetez luzatuko den jarduera zikloari.
Indarkeria kontsumitzen dugu? SETEM Hego Haizea 2016tik ari da galdera hori mahai gainean jartzen, ohiko ekoizpen eta kontsumo ereduaren eta indarkeria matxisten artean loturarik dagoen egiaztatzeko. Hainbat ikerketatan aurkitu dugun erantzuna da kontsumoan indarkeria horiek existitzen direla, eta naturalizatu egin direla, gure jendartearen gehiengoarentzat ikusezin bihurtzeraino. Are gehiago, barneratuta daude eta normaltzat hartzen dira.
Lehen ikerketa batean estetika, etxeko produktuak, elikadura eta hiriko mugikortasuna ikertu ondoren, bigarren ikerketan mugikorreko aplikazioak, fikziozko serieak eta energia ikertu genuen. Orain, Indarkeria kontsumitzen dugu? ikerketaren hirugarren fase bat garatu dugu, indarkeria matxistek EAEko aisialdiko kontsumoan nola eragiten duten aztertzeko.
Foro Irekia: aurkezpena eta esperientzien trukea
Ekainaren 26an, asteazkenean, SETEM Hego Haizeak Bilboko Ekonopolon aurkeztu zituen indarkeria matxisten eta kontsumoaren arteko harremanari buruzko ekintza parte-hartzaile feministako ikerketaren hirugarren fase honen ondorio nagusiak, Ille Gardeazabal Cañadak (Instituto de Facilitación y Cambio eta Lakabe Komunitateko kidea), Altekio-ko Marta Lopez eta Ro Trejoren eta SETEMeko Magda Lopez Gorritxo eta Maider Arnaizen laguntzarekin, bideratutako Foro Ireki baten bidez.
Ikerketaren azken dokumentuaren eduki nagusiak aurkezteaz gain, Foro Irekia indarkeria matxistek gure aisialdi kontsumoan duten eraginari buruzko esperientziak eta sentimenduak partekatzeko gune izan zen.
Foro Irekian parte hartu zuten hogeitik gora emakume eta pertsona ez bitarrek elkarrizketa parte-hartzailea izan zuten, Demokrazia Sakonaren eta Prozesuen Lanaren metodologia horren bidez. Metodologia horren helburua da eguneroko errealitateen alderdi ikusezin eta sakonagoak nabaritzea, botere-dinamikei arreta eskaintzea, gatazkak kudeatzea eta parte-hartzaile guztien iritzia baloratzea.



























Horrela, metodologia parte-hartzaile horren bidez, elkarrekin hausnartu zuten, meloiak irekiz eta «ateak» zeharkatuz, euren buruak indarkeria matxistek aisialdiko testuinguruetan jasaten dituzten biktimen paperean kokatuz, baina baita indarkeria horiek ikusita jarduten (edo ez) duten lekukoen paperean ere; edota horien inguruko kontzientzia handiagoa edo txikiagoa izanda ere, indarkeriak gauzatzen dituzten erasotzaileen paperean. Horrekin batera, funtsezko galdera baten erantzunak bilatu zituzten: «Zein unetan edo zein ekintzaren bidez sentitzen naiz aske indarkeria ziklo honetatik?».
Gauza bera al dira aisia eta denbora librea? Deskonektatzeko denbora duzunean, zeure burua zaintzea edo besteak zaintzea lehenesten duzu? Gaizki sentitu al zara zure denbora ezer ez egiteko aprobetxatzeagatik? Zure aisialdi aukerak bikotekidearekin negoziatu behar dituzu beti? Noizbait sozializatzeko zailtasunak izan dituzu arrazoi ekonomikoengatik, emakume izateagatik, feminitatea behar bezain arautua ez ordezkatzeagatik, ama izateagatik, pertsona lodia, migratua edo arrazializatua izateagatik, edo dibertsitate funtzionala izateagatik? Aisialdi eskaintzak gure jendartearen sexu eta genero aniztasunarekin bat dator? Deseroso sentitu zara edo indarkeria fisiko, psikologiko edo sexuala jasan duzu aisialdi espazio batean?
Horiek dira ikerketak planteatzen dituen galderetako batzuk. Gainera, Foro Irekian indarkeria matxistek gure aisialdi kontsumoan duten eraginari buruzko beste esperientzia asko adierazi, entzun eta partekatu ziren. Adibidez, erruduntasuna gehien partekatutako sentimenduetako bat izan zen. Bestalde, biktima gisa izandako esperientzien inguruan komunitate sentimendu sakona sortu zen, baita askapen proposamenen inguruan ere.
Irailetik aurrera: aurkezpena, erakusketa eta jarduera zikloa
Ekintza parte-hartzaile feministako ikerketa prozesu hau bidaide askorekin batera egin du SETEM Hego Haizeak: Conchi Piñeiro eta Laura Lucio Gonzalez (Altekio – Iniciativas hacia la Sostenibilidad Enpresa Soziala), María Viadero Acha (Mugarik Gabe), Teresa Villaverde (Pikara Magazine), Tatiana Romero Reina (ikertzaile feminista independentea), Laura Modonato (feminismoei, migrazioei eta garapenari buruzko aholkulari independentea), Gisela Bianchi eta Savina Lafita (Errotik kooperatiba feminista), bai eta aditu gisa zein eztabaida taldeetan parte hartu duten beste pertsona asko ere. Haiei guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu.
Hainbat hilabeteko lan handiaren ostean, ikerketaren behin betiko dokumentua irailean aurkeztuko da jendaurrean, Indarkeria kontsumitzen dugu? III. fasea. Indarkeria matxistei eta kontsumoei buruz ikasteko eta ezagutza sortzeko lankidetza-prozesua izenburupean
Dokumentuaren aurkezpenarekin, hainbat hilabetez luzatuko den jarduera ziklo bat hasiko da. Besteak beste, erakusketa parte-hartzaile bat, solasaldiak, bakarrizketak, tailerrak, bisita gidatuak… izango dira.
…bisitatu «Fabricando Mujeres» doku-webgunea…

…eta ikusi orain arteko bi dokumentalak
Fabricando Mujeres
Maitek 80 urte ditu, eta Emakume Fabrikak sortzen dituen hondakinak jasotzen jarraitzen du asmakizunak egiteko. Bere lantegian espazio subertsibo bat sortu du Fabrikak zabaltzen dituen emakumeen estereotipo modeloei aurre egin ahal izateko. Pertsona sare zabala du berekin elkarlanean, hauekin bere kezkak konpartitzen ditu, baina bere borroka ere.
Fabricando Mujeres 2.0
Fabrikak mekanismoak modernizatu eta hobetu ditu. Inguratzen gaituen publizitatearen zati handi bat inbaditzearekin pozik ez dagoenez, orain gure etxeetan sartzea lortu du energiaren, aplikazio mugikorren eta fikzio-serieen bidez. Gai bakoitza zuzenean ezagutzen duten pertsonei (Lolita Chavez, Bob Pop edo Itziar Ituño) egindako elkarrizketen bidez, gure etxeetan indarkeria zenbateraino kontsumitzen dugun aztertuko dugu.