Indarkeria kontsumitzen dugu? Solasaldia Tatiana Romero, Maria Viadero eta Magda Lopez Gorritxorekin

26/Azaroa/2024 | Albisteak, Factoría de Valores, Indarkeria kontsumitzen dugu

Nola eragiten dute indarkeria matxistek gure aisialdi kontsumoan? Galdera horri erantzuten saiatzeko, Balio Faktoria formakuntza eraldatzailerako programak solasaldi bat antolatu zuen joan den ostegunean, azaroaren 21ean, Gasteizko Emakumeen Etxean. Bertan, Indarkeria kontsumitzen dugu? ikerketaren hirugarren fasean parte hartu duten hainbat aditu bildu ziren:

Bertan izan ziren Tatiana Romero historialaria, ikertzaile feminista eta dekolonial independentea, eta arrazakeriaren aurkako eta disidentzia sexualaren aldeko aktibista; Maria Viadero Mugarik Gabeko hezkuntza eta feminismoen taldeko kidea, indarkeria matxisten aurkako prebentzioan eta ikerketan ibilbide luzea duena; eta Magda Lopez Gorritxo SETEM Hego Haizeko eraldaketa sozialerako hezkuntza teknikaria eta ikerketaren koordinatzailea.

Ainhoa Bilbao Arkotxa SETEM Hego Haizeko eraldaketa sozialerako hezkuntza teknikari eta Balio Faktoriaren arduradunak aurkeztu eta dinamizatu zuen mahai-ingurua.

SETEM Hego Haizeak 2015etik dihardu ohiko kontsumo ereduaren eta indarkeria matxisten arteko harremana ikertzen. Lan horren ondorioz, Indarkeria kontsumitzen dugu? ikerketaren hiru fase eta hainbat gida didaktiko argitaratu dira. Halaber, Fabricando Mujeres unibertsoa sortu da: besteak beste, bi dokumental eta dokuweb interaktibo bat topa dezakezue www.fabricandomujeres.org webgunean.

Argazki galeria

Balio Faktoria | Erakusketa, Asaari Bibang eta tailerra

Mahai-inguru honen ostean, azarorako eta abendurako Balio Faktoriaren programa aurrera doa. Laster, Fabricando Mujeres: indarkeria kontsumitzen dugu? erakusketa interaktiboa bisitatu ahal izango da, aste honetan bertan inauguratuko baitugu.

Abenduaren 4an, Asaari Bibang aktore, komiko, aurkezle, idazle, zutabegile eta aktibistak Humor Negra bakarrizketa eskainiko du, 18:00etan Zabalgana gizarte etxean.

Eta abenduaren 11n, jarduera-zikloa itxiko dugu indarkeria matxistei eta kontsumoari buruzko tailer batekin, 18:00etatik aurrera Salburua gizarte etxean. Azken jarduera hau doakoa da, baina parte hartzeko beharrezkoa da formulario honen bidez izena ematea.