Erosketa arduratsurako gida praktikoak ETE, gizarte erakunde eta ikastetxeentzat

29/Maiatza/2024 | Albisteak, Kontsumo arduratsua

Erosketa pribatu arduratsurako gidak eskuragarri daude jada, Alboan eta REAS Euskadiren eskutik. Enpresa txiki eta ertainetan, gizarte erakundeetan eta ikastetxeetan erosketa arduratsua egiteko sentsibilizazio eta kudeaketa tresnak dira. SETEM Hego Haizeak lehenengo bi gidak idazten eta prozesua dinamizatzen parte hartu du.

Erosketa arduratsua enpresa hornitzaileen hautaketa-prozesuetan gizarte eta ingurumen irizpideak txertatzean eta erakunde publikoek, enpresek, erakundeek, gizarte eragileek eta herritarrek produktuak, zerbitzuak eta hornidurak erostean datza. Kontsumitzaileari, indibidual edo kolektiboari, bere kontsumoarekin praktika eraldatzailea gauzatzeko eta sustatzeko aukera ematen dion tresna da:

  • Giza eskubideen eta lan baldintza bidezkoen defentsa.
  • Merkataritza harreman bidezkoagoak, inklusiboagoak, demokratikoagoak eta jasangarriagoak.
  • Ekonomia sozial eta solidarioa, feminista eta ekologikoagoa, ongi komunaren zerbitzura.

Ikuspegi horretatik, gero eta gehiago dira erosketen kudeaketa politika erantzukizunaren eta iraunkortasunaren irizpideetatik garatzeko beharra ikusi duten eragile pribatuak eta gizarte erakundeak, eta enpresa, gizarte eta hezkuntza sektoreak hiru eremu pribilegiatu dira norabide horretan lan egiteko.

Alde batetik, oro har, sektore ekonomiko esanguratsuak direlako produktu jakin batzuen erosketan eta askotariko zerbitzu zein horniduraren kontratazioan, eta, beraz, arlo horretan duten potentzial eraldatzailea garrantzitsua delako. Bestalde, erosketa arduratsua egiteak erakundearen kudeaketa eremua ideia eta proiektu instituzionalekin lotzea ahalbidetzen duelako, hainbat ikuspegitatik, ingurunearentzat ekonomia eraldatzailea sustatzeko.

ETEakErakunde sozialakIkastetxeak
DESKARGATUDESKARGATUDESKARGATU

Badakigu zaila dela kudeaketa ekonomiko konplexua duten erakundeetan erosketa arduratsuko politikak hartzea, eta horregatik uste dugu garrantzitsua dela aldaketa horiek pixkanaka urratsak emateko prozesu gisa planteatzea. Argitalpen hauek enpresa txiki eta ertainei, gizarte erakundeei eta ikastetxeei lagundu nahi diete, beren eginkizun sozial eta ekonomiko eraldatzailea indartzeko politikak eta praktikak aldatzeko bide horretan.

Espero dugu erabilgarriak izatea, eta erakunde horiek kontsumo eraldatzailearen aldeko mugimenduarekin bat egitea eta, horrekin batera, gizarte hobeak eraikitzen laguntzea, pertsona guztientzat eta planeta osoarentzat justizia ekosozialarekin konprometituta.

SETEMen parte hartzea

Hiru argitalpenak Alboan GGKEak eta REAS Euskadik bultzatutako Bizitzaren zerbitzura dagoen ekonomia baterako praktika eta proposamen ekosozialak ikuspegi lokal-global batetik proiektuaren parte dira; Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak eta Bizkaiko Foru Aldundiak kofinantzatutakoa.

SETEM Hego Haizea GGKEtik oso pozik gaude gida hauen aurkezpenarekin. Kontsumo Kritiko Arduratsu eta Eraldatzailearen (CCRT) alde egiten dugun lanaren testuinguruan, zehazki, ETEen eta Hirugarren Sektore Sozialaren (TSS) gidak idazten eta prozesua dinamizatzen parte hartu dugu.