Kale ekintza Black Friday egunean: etiketaren atzean ordaindu beharreko prezioa

29/Azaroa/2024 | Albisteak, Arropa Garbia, Consumo responsable

Black Friday kanpainako kontsumismoaren ondorioak salatu ditugu Gasteizen, eta Nike eta Amazon bezalako multinazionalei exijitu diegu langileei bidezko soldatak ordaintzeko.

Ostiral honetan, azaroaren 29an, SETEM Hego Haizea eta Arropa Garbia Kanpaina kalera aterako gara berriz ere, Black Friday kanpainan zehar kaleak betetzen dituen kontsumismoa salatzeko. Izan ere, horren atzean ehungintza industria globaleko milioika langileren esplotazioa eta eskubideen urraketak daude, bai eta ingurumenaren suntsipena ere.

17:30ak aldera, kalejira bat abiatu da SETEMen Gasteizko egoitzatik (San Vicente de Paul kaleko 10. zenbakia). Poltsa erraldoi bat, megafonia, erosketa-poltsak, informazio eskuorriak eta beste elementu batzuk eramanda, Gasteizko erdiguneko kaleetan zehar protesta egin dugu.

Kale ekintza honekin, alde batetik, arroparen kontsumo frenetikoaren, express modaren eta kontsumismoa sustatzeko kanpainen (tartean Black Friday bera) atzean ezkutatzen diren giza eskubideen zein lan eskubideen urraketak eta ingurumenaren gaineko inpaktu negatiboak salatu ditugu.

Urteko egunik kontsumistena den Black Fridayren eskaintza berezi bat simulatuz, aktibisten taldearekin topo egin dutenek ehungintzaren industria globalaren ezaugarri diren datu batzuk ezagutu ahal izan dituzte. Adibidez:

  • Munduan zehar gure arropa josten duten 400 milioi pertsonek munduko soldata baxuenak dituzte.
  • Modaren industria da klima-aldaketaren arduradun handienetako bat, emisio globalen %10 sortzen baititu.
  • Erabilitako arroparen %87 erraustuta edo zabortegietan amaitzen da.
  • Kamiseta bat sortzeko gutxienez 2.720 litro ur erabiltzen dira, hau da, pertsona batek 3 urtean edaten duen kantitate bera.

Nike, Amazon… zuen langileei ordaindu!

Gainera, aurten, Pay Your Workers nazioarteko kanpaina mahai gainean jartzeko aukera aprobetxatu dugu ere. SETEMek, Arropa Garbia Kanpainaren bidez, kanpaina horretan parte hartzen du, Nike eta Amazon bezalako enpresa transnazional erraldoiei exijitzeko langileei soldata justuak ordain diezaietela, haien giza eta lan eskubideak errespetatuz.

Enpresa horiek etekin izugarriak dituzten arren, prekarietate handiko eta muturreko zaurgarritasun egoeran mantentzen dituzte beren produktuak fabrikatzen dituzten pertsonak, bereziki Hegoalde Globaleko fabriketan. Beraz, langileei zor dietena ordaintzea eta produkzio-kate osoan lan baldintza duinak bermatzea exijitzen diegu.

Azkenik, SETEM Hego Haizeatik aurtengo Black Friday kanpaina salatzeko sortu dugun abesti hau uzten dizuegu: