Ekainaren 14ko goiz eguzkitsuan, 35 pertsona inguru hurbildu ziren Garaion Sorgingunera REAS Euskadiren Bazkide Egunaren hirugarren edizioa ospatzera, lankidetza sareak ehuntzera eta Ekonomia Solidarioaren etorkizuna kolektiboki marraztera.
2022ko Bazkide Egunaren eta 2023ko Bazkide Egunaren arrakastaren ostean, REAS Euskadi osatzen duten erakundeetako dozenaka bazkide eta langile joan den ostiralean elkartu ziren berriz ere ekitaldi horren hirugarren edizioa ospatzeko, oraingoan Araban; zehazki, Garaion Sorgingunean (Ozaeta), Garaioko urtegiaren ertzean kokatutako gune zoragarri batean, «RizoMATCH: Match bat baino askoz gehiago gara» lelopean.
Antolatzaileak goizeko 09:00ak aldera iritsi ziren espazioa eta azken xehetasunak prestatzeko, baina lehen gonbidatuak 10:30ak aldera hasi ziren iristen. Ohi bezala, lehorreratze handiena Bizkaiko oinarri sozialak egin zuen, Bilbotik autobus bat bete baitzuten.
Ordu erdi pasatxoz, eguzki distiratsua, tenperatura ezin hobea eta udaberriko berdea lagun, izena eman zuten pertsonek akreditazioak jaso zituzten, kideak agurtu eta ezagutu zituzten, eta Bidezko Merkataritzako kafearekin, infusioekin, zukuekin eta beste produktu batzuekin prestatutako gosari goxoa dastatu zuten.
11:00ak aldera, Garaioneko antzokian, erakundeen arteko lankidetza sustatzeko dinamika parte-hartzailea hasi zen. Oraingo honetan SETEM Hego Haizea GGKEko kideek bideratutako esperientzia ludikoa Aliantza Gaztagileak izeneko jokoa izan zen. Askotariko erakunde zein eremutako partaideek, sei taldetan banatuta, aliantza onuragarriak bilatu behar izan zituzten beste erakunde batzuekin, beren proiektuak eta Ekonomia Solidarioaren sarea bera indartzeko.