Apirileko Balio Faktoria, iruditan: modaren haritik tiraka

02/Maiatza/2024 | Albisteak, Balio Faktoria, Factoría de Valores

SETEM Hego Haizearen Balio Faktoriak apirileko egitaraua itxi du erakusketa interaktibo batekin, ehungintzako bi tailerrekin Mottainai.ZGZ eta Marta Valdivielsoren eskutik, eta Top Manta eta Ker Fatou proiektuen mahai-inguruarekin.

2013an Bangladeshko Rana Plaza eraikina erori zeneko urteurrena dela eta, apirilean ehungintza industriaren inguruko hausnarketan eta moda jasangarriko alternatiben eraikuntzan oinarritu dira SETEM Hego Haizeak antolatutako Balio Faktoriaren jarduerak.

«Moda jasangarria: Modak traba egiten dizu? Tira haritik!» izenburupean, Balio Faktoriak bost jarduera eskaini ditu hilabete honetan; horietako lau Gasteizen (Araba) izan dira, eta horietako bat Muskizen (Bizkaia) ere egin da.

Erakusketa interaktiboa

Apirilaren 12tik maiatzaren 2ra bitartean Pilar Gizarte Etxeko erakusketa aretoan «Kontzientzia sortuz: ehungintza industriaren patroiak hautsiz» erakusketa bisitatu dutenek ehungintza industria globalaren egitura ehuntzen duten «harietatik tira» egin ahal izan dute, jantzi baten bizitza erabilgarriaren etapa bakoitzaren atzean ezkutatzen diren ingurumen inpaktua eta lan esplotazioa azaleratuz.

Gainera, ikus-entzunezko esperientziaren bidez, gure eguneroko bizitzan eta kontsumo ohituretan aplika ditzakegun aldaketa proposamenak eskaini ditu erakusketak, ehungintza ekoizpen etikoagoa eta iraunkorragoa sustatzeko.

SETEM Hego Haizeak eta Arropa Garbia kanpainak antolatutako jarduera.

Ehungintza tailerra Mottainai.ZGZrekin

Apirilaren 12an eta 13an, ostiralean eta larunbatean, Mottainai.ZGZ ehungintza eko-feminista eta komunitarioko kolektiboak «Orratz-elkarrizketak: Ehun-ekintzako lantegia gorputzari eta indarkeriari buruz» tailerra eskaini zuen Gasteizko Emakumeen Etxean.

Gure gorputzak zeharkatzen dituzten indarkeriei buruzko jarduera teoriko eta praktikoa izan zen, SETEMek Gasteizko Jabetze Feministarako Eskolarekin batera antolatutakoa.

Ehungintza tailerra Marta Valdivielsorekin

Bestalde, Marta Valdivielso antzinako ehungintzako lanbideen aditu eta dibulgatzaile eta La Trama proiektuaren sortzaileak haria egiteko erabiltzen diren zuntzak, erremintak eta tindu naturalak ezagutzeko eta manipulatzeko tailer bat eskaini zuen, apirilaren 19an, Gasteizko Simone de Beauvoir Elkarteen Etxean.

Esperientziak: Top Manta eta Ker Fatou

Azkenik, apirilaren 23an, asteartean, Montehermoso Kulturunean, «Aldarrikatzen eta kulturak hurbiltzen dituen moda» mahai-inguruak Top Manta (Bartzelona) eta Ker Fatou (Bilbo) proiektuen istorioak ezagutzera eman zituen, Tania Cañas Sirianyk dinamizatuta. Arropa eta osagarriak modaz baino askoz harago eraman dituzten egitasmoak dira biak.

Bi ekimenek eskulangintza, migrazioak, bidezko merkataritza, antirrazismoa eta ekonomia solidarioa uztartzen dituzte, besteak beste. Alde batetik, Top Manta Bartzelonako Saltzaile Ibiltarien Sindikatuaren arropa marka sozial eta solidarioa da. Bestalde, Ker Fatou denda Senegalgo, Euskal Herriko eta Espainiako kulturen arteko topagunea da Bilbon, Fatou Diengaren eskutik.