SETEM Hego Haizearen formakuntza eraldatzailerako programa irailaren 25ean itzuliko da, Carlos Taibo eta Celeste Agüero bilduko dituen inaugurazio ekitaldiarekin. Oraingoz, Maite Mentxaka (EMEME Proiektuak) artistaren akta grafiko batekin agurtuko dugu ikasturtea.
2023/2024 ikasturtean, Balio Faktoria kontsumoaren eta eraldaketa sozialaren inguruko SETEM Hego Haizearen formakuntza proposamenak 24 jarduera antolatu ditu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zortzi udalerritan, eta gutxienez 511 parte-hartzaile bildu ditu.
Lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkizuegu hilabete hauetan egindako jardueretan edota Mujeres de AFEDES erakundearekin batera Guatemalan antolatutako Elkartasun Auzolandegietan, modu batean edo bestean, parte hartu duzuen pertsona guztioi: sortzaileei, prestakuntza-emaileei, hizlariei, artistei, bertsolariei, fotokazetariei, moderatzaileei, antolatzaileei, proiektuei, boluntarioei, partaideei, jakin-minez gerturatu eta zuen aletxoa jarri duzuenoi…
Horretarako, Maite Mentxaka (EMEME Proiektuak) artista bizkaitarrarekin elkarlanean akta grafiko eder hau prestatu dugu. 2023/2024 ikasturtea definitu duten elementu nagusietako batzuk biltzen ditu ilustrazioak (xehetasunak Balio Faktoriaren webgunean kontsulta ditzakezu):
Noiz itzuliko da Balio Faktoria?
Amaitu berri den ikasturtearen errepaso bisual eta koloretsu horrez gain, atsegin handiz iragarriko dugu Balio Faktoria irailaren 25ean itzuliko dela, 2024/2025 ikasturteari hasiera emateko hitzaldi-kontzertu oso berezi batekin. Aurrerago, xehetasun gehiago emango ditugu, baina momentuz gorde ezazue data hori zuen agendetan.
Alde batetik, Carlos Taibo idazle, editore, politologo eta irakasle erretiratua Gasteizera hurbilduko da kolapsoaz, ekofaxismoaz, desazkundeaz eta zalantzazko etorkizunaren aurrean dauden alternatibei buruz hitz egitera. Gainera, Celeste Agüero musikariaren emanaldia izango dugu ere.
Erresistentzia zein itxaropenerako notak inaugurazio ekitaldi baterako. Izan ere, Balio Faktoriaren 2024/2025 programazioa osatuko duten gai nagusiak eta jardueretako batzuk xehetasun handiagoz ezagutaraziko ditugu egun horretan.
Oraingoz, aurreratu dezakegun beste gauza bat da azaroa eta abendua jardueraz beteta iritsiko direla. Indarkeria kontsumitzen dugu? ikerketaren hirugarren fasea irailean argitaratuko da; eta, horren ostean, indarkeria matxistek gure aisialdi kontsumoan duten eraginari buruzko jarduera zikloak, besteak beste, erakusketa parte-hartzaile eta sortzaile bat, solasaldiak, bakarrizketak, tailerrak, bisita gidatuak… eskainiko ditu.