Aurrezki kutxen inbertsioak ez zirela gardenak susmatzen genuenez, eta banku bihurtzeko joera zutela ikusirik, SETEM Hego Haizeak erabaki zuen euskal kutxen (BBK, Kutxa eta Vital Kutxa) inbertsio-politikei eta -jarduerei buruz eskuragarri zegoen informazioa nolakoa zen ikustea. Horretarako, Globalizazioko Zorraren Behatokia (ODG) elkarte espezializatuarekin harremanetan jarri ginen.
ODGren lanaren emaitza gisa —haren ikuskapen eta erantzukizunpean— lan hau argitaratu zen 2011n, eragile sozialei nahiz euskal kutxen bezeroei ezagutzera emateko. Txosten honen oinarria kutxek argitaratutako informazioa da, baita ODGk eskaturik eman duten beste informazio pixka bat ere.
SETEM Hego Haizeak, jarduera-lerro horrekin, ikertutako kutxekin hitz egiteko bide bat hasi nahi izan zuen, bezeroek gardentasunez jakin dezaten beren dirua non eta zertarako erabiltzen den eta erabaki horietan parte har dezaten.
Lan honen xedea “finantzen sektoreko produktuak kontsumitzen” dituzten pertsonak kontzienteago izatea eta gehiago inplikatzea zen, kontsumitzaile arduratsu gisa jokatuz —ala ez jokatuz— Euskadin nahiz herrialde txirotu askotan garapen sozial jasangarri eta ekologikoagoa lortzen lagun dezaketelako.