Arabako Lautadako Kartografia Soziala

05/Iraila/2024

Nola jarri martxan lurralde baten eraldaketa agroekologiaren bidez?

SETEM Hego Haizeak eta Sustraiak Habitat Design kooperatibak 2022an landutako dokumentu hau Arabako Foru Aldundiak finantzatutako Agroekologiaren bidez lurraldeak eraldatuz proiektuari esker martxan dagoen Agroekologiari buruzko Ikaskuntza Komunitatearen esparruan sortu da. Lurralde jakin batekiko hurbilketa bat da (Arabako Lautadarekiko, alegia), zer egiten ari den eta abian dauden ekimenen artean aliantzak egiteko zer aukera dauden ikusteko.

2021eko martxoan, Tresna Eraldatzaile Berriari (TEB edo, gaztelaniaz, NIT) buruzko lan-mahai bat jarri zen abian. Bertan, AFAk eta Arabako hainbat entitatek parte hartzen dute, askotariko eremuak lantzen dituztenak: nazioarteko lankidetza eta gizarte-eraldaketarako hezkuntza, agroekologia, ekonomia sozial eta solidarioa, kulturartekotasuna eta harrera eta migrazioak. Helburua esperientzia berritzaileak bultzatzea da, prototipoak eratzeko, ikaskuntzak ateratzeko eta lankidetza praktiketan aurrera egiteko, Ipar eta Hego globaletako desberdinkeria eta bidegabekeria eraldatzeko.

Horretarako, lan-mahaiak erabaki zuen dokumentu honen jatorria den esperientzia sustatzea. Sustraiak Habitat Design eta SETEM Hego Haizea (Araba) eta Penca de Sábila (Medellin, Kolonbia) entitateak aukeratu zituzten prozesua aurrera eramateko, agroekologiaren eta ekonomia sozial eta solidarioaren arloan dituzten ezagutza eta esperientziengatik, eta urte askotako lankidetza bateratuagatik.

Kartografia Soziala eta ekimenen mapa

Hiru erakundeek martxan jarri zuten proiektua, AFAren laguntzarekin. Horri esker, hausnarketarako eta trukerako guneak sortu dira, bai eta Araban eta Medellinen ekintza zehatzak egin ere. Horren adibide da Kartografia Soziala, Arabako Lautadan egin diren eta lurraldea ikuspegi agroekologikotik eraldatzen laguntzen duten ekintzak biltzen dituena. Dokumentuan, trantsizio agroekologikorako beharrezkoak diren zortzi elementu identifikatzen dira, eta horietan sailkatzen dira bildutako ekintzak. Gainera, trantsizio horretan sakontzeko hainbat gomendio proposatzen dira.

Kartografia Sozialak ekintza gehiago abiarazteko oinarri gisa balio izan zuen, eta horren emaitza da elikagaien arloan kontsumo kritiko, arduratsu eta eraldatzailearen irizpideak dituzten ekimenen mapa.

Jarraian, bi dokumentuak irakurri eta deskargatu ditzakezue, eta horiek partekatzera eta zabaltzera animatzen zaituztegu: