Indarkeria matxistei eta kontsumoari buruzko txirigota feministak sortzeko prozesuak

30/Iraila/2021 | Albisteak

Txirigota batean parte hartu nahiko zenuke? Hala bada, urrian, azaroan eta abenduan Bilbon eta Muskizen duzu aukera. Han txirigota feministak sortzeko bi prozesu abiatuko ditugu, kontsumoko indarkeria matxistei buruz abestuko dutenak.

Prozesu horretan, emakume talde batek kontsumoen eta indarkeria matxisten arteko harremanari buruz hausnartuko du, eta harreman horrek sortutako korapiloa askatzen saiatuko da: zenbat aldiz sentitu zara umiliatuta emakumeen gorputzak autoak edo beste produktu batzuk saltzeko erabiltzearen aurrean? Gogoratzen duzu nola sentitzen zaren gustoko dituzun arropa jakin batzuk janzteko lodi samar zaudela? Pentsatu al duzu zer nolako lan-baldintzak dituzten hain merke saltzen duten sasoiko arropa hori egiten duten emakumeek?

Aste batzuetan emakumeak bilduko dira hausnarketa egiteko eta mezu kolektibo bat sortzeko. Espazio bat, non beraien ahots anitzek indarrez beteta proiektatuko diren. Era horretan, txirigota moduan, kontatuko dute zer ikuspegi eta posizio feminista duten egunero agertzen diren indarkeria horien aurrean, ia konturatu gabe agertzen direnak: gure elikadura- eta mugikortasun-ohituretan, etxeko produktuen, ehunen eta kosmetikoen kontsumoan, besteak beste.

Mónica Núñez La Flamencura Todo lo Cura taldeko kideak gidatutako prozesu bat izango da, jakinminaz eta alaitasunez. Berak bultzatuko gaitu sortzera, abestera eta, batez ere, kontatzera, ondo edo ez hain ondo abesten dugunak.

Urrian, azaroan eta abenduan, aldi berean, bi prozesu garatuko dira: La Kora taldearekin Bilbon eta Malvaloka elkartearekin Muskizen.

Txirigota feminista Muskizen

Txirigotaren helburuak hainbat dira:

  • Indarkeria horiei dagokienez, egungo kontsumo-ereduak gure bizitzan nola eragiten duen hausnartzea.
  • Kontsumo-eredu horretatik ateratzeko aukerak ezagutzea.
  • Salaketa kolektiboa eraikitzea, jolasaren, artearen eta espazio publikoaren okupazioaren bidez.

Animatuko al zara?