lago en suchitoto

Elkartasun Auzolandegiak Guatemalan eta El Salvadorren abian daude

06/Uztaila/2022 | Albisteak, Nazioarteko Lankidetza

Hamar euskal herritarrek Elkartasun Auzolandegietara bidaiatuko dute SETEMen eskutik. Xede-herri desberdinak izango dira: Santiago de Sacatepéquez (Guatemala), Suchitoto, San Sebastián eta Alegría (El Salvador). Han, esperientziak trukatzeaz gain, beste komunitate batzuetako errealitateak ezagutuko dituzte.

Elkartasun Auzolandegien xedea ez da hegoaldeko proiektuetan “laguntzea”; trukaketaz, bizikidetzaz eta lankidetzaz ikastea… eta (nork bere burua) eraldatzea baizik. Bidaiariak sentsibilizatzea da helburua, beste esperientzia batzuk ezagutzera ematea; bizitzeko, lan egiteko, bizikidetzan aritzeko eta kontsumitzeko beste modu batzuk ikustea. Hartara, mitoak eta estereotipoak hautsiko dira eta bidaiarien esku jarriko dira nagusi den eredu kapitalista neoliberalarekiko alternatibak eta tresnak.

Hara iritsita, Elkartasun Auzolandegietako partaideak SETEMekin lankidetzan eta sarean diharduten tokiko GGKE batzuetako ordezkariek hartzen dituzte. Elkarrekin lan-estrategiak partekatzen ditugu, esaterako, lan-eskubideen defentsa, nekazaritza ekologikoaren eta tokiko ekoizpen iraunkorraren aldeko apustua, bidezko merkataritza, emakumeen jabekuntza… Hori dela eta, ekimeneko partaideek “in situ” ezagutuko dituzte nekazaritza-sindikatuak, emakumeen kooperatibak nahiz herri indigenen eskubideak defendatzen dituzten elkarteak, besteak beste.

SETEMek Elkartasun Auzolandegiak berreskuratu ditu, bi urteko geldialdiaren ondoren, osasun-murrizketek behartuta. Ordura arte, ekimen hau 1992. urteaz geroztik egin izan da udaro. Oraingoan 10 pertsona joango dira Euskal Herriko hainbat lekutatik, otsailean hasitako prestakuntza prozesu baten ondoren. SETEMek Balio Faktoria prestakuntza-programaren bidez eskaintzen duen esperientzia horretatik hilabete biziko dute.

Eta Euskadira itzultzean zer?

Irailean, iritsi berri guztiek “Eta orain zer?” jardunaldian parte hartuko dute. Topaketa horretan, bizitako esperientziak azaldu eta ondorioak aterako dira, eta tokiko ekintzen eta hemengo elkarteen esperientziak ezagutzera emango dira. Elkartasun Auzolandegien helburu bakarra ez da Hegoaldeko herrialdeak hobeto ezagutzea, gure ingurua eraldatzeko haziak landatzea baizik, egunerokotik orokorrera.