Jardunaldiak Aiarako Kuadrillan, landa-eremuko emakumeen paperari balioa emateko

08/Urria/2021 | Albisteak

Urriaren 14tik, ostegunetik, aurrera «Aiaraldeko landa-eremuko emakumeak. Lurraren defentsan» jardunaldiak egingo dira Aiarako Kuadrillan. Guztira, hiru jardunaldi antolatuko dira Aiarako herri ezberdinetan eta formatu desberdinekin. Ardatzezko gaia Landa-Eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna izango da, urriaren 15ean ospatzen dena. Hiru jarduerak irekiak izango dira, baina izena eman beharra dago.

SETEMek, Aiarako Kuadrillak, Amurrioko Udaleko Berdintasun-zerbitzuak eta Laia Eskolak antolatuko dituzte jarduerak, zeinak ekofeminismoaren inguruan lan eta gogoeta egiten jarraitzeko beharretik sortu diren. Horrez gain, Aiarako Kuadrillan egiten ari diren lana nola ikusarazi hausnartu nahi da horien bidez. Horretarako, emakume baserritarren kolektiboek parte hartuko dute, beren ikuspegia eta tokiko zein nazioarteko esperientziak ekarriko dituztenek.

Dokuforum Amurrion

Lehen jardunaldia Amurrio Antzokian izango da, eta izenburu hau izango du: «Elikadura baino gehiago: agroekologia eta ekofeminismoa». Dokuforum formatua izango du eta tokiko emakume baserritarrak izango dira protagonistak. Zehazki, Isa Álvarez Vispo –hezitzailea, agroekologoa eta Arabako landa-eremuko biztanlea– eta Aiaraldea Ekoizpen kolektibo agroekologikoa. Jarduera hori urriaren 14ko, osteguneko, 18:00etan izango da, eta izena emateko helbide elektroniko honetara idatzi beharko da: berdintasuna@amurrio.org.

Solasaldia Arespalditzan

Bigarren jarduera Arespalditzako emakumeen aretoan izango da, urriaren 21eko 18:00etan. «Bizitza erdigunean jartzen duten tokiko erresistentziak» izeneko berbaldia izango da, non Aiaraldeko Ekintzen Faktoriaren Ekonomatuak, Etxaldeko Emakumeak kolektiboak eta Guatemalako Mujeres de Afedes erakundeak parte hartuko duten. Espazio irekia izango da ekofeminismoari eta Kuadrillan dauden proposamen alternatiboei buruz gehiago jakin nahi duten pertsona guztientzat. Izena emateko honako helbide elektroniko honetara idatzi beharko da: cayala.miren@ayto.araba.eus.

Topaketa birtuala

Urriaren 28an, 18:00etan ere bai, azken jarduera egingo da, linean oraingoan. «Ipar-Hegoaldeko emakumeak lurraren defentsan» topaketa birtualak aukera emango du ikuspegi eta jardunbide ekofeministak ezagutzeko, Kolonbiako Corporación Penca de Sábila korporazioaren eta Estatuko Sare Ekofeministaren eskutik. Bilera hori SETEM Hego Haizearen Youtubeko kanalaren bidez jarraitu ahalko da.

Esteka honetatik izango da ikusgai topaketa birtuala

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak eta Arabako Foru Aldundiak finantzatu duten ekimen horren bidez, emakume baserritarrek beren ingurunearen garapenari egiten dioten ekarpena balioztatu nahi dute antolatzaileek. Eta, horrez gain, munduko biztanleen laurden bat osatzen duen kolektibo horren jardunbideak erakutsi eta erronkak edo beharrak aztertu nahi dituzte.