Garapenerako Hezkuntza eta Sentsibilizazioa

SETEM Hego Haizearen ustez, gure kontsumo- eta ekoizpen-ohiturek gizarte-aldaketa bultza dezakete. Horregatik, irizpide etiko, sozial eta kulturalak eta ingurumenarekin lotutakoak kontuan hartzen dituzten kontsumo- eta ekoizpen-eredu kontziente eta erantzuleagoen alde egiten dugu apustu, giza garapen iraunkorra sustatzeko tresna gisa.

Kontsumoaren eta ekoizpenaren inguruko ideia horretatik abiatuz, gure lana kontsumoarekin edota ekoizpenarekin lotutako hainbat arlotan kontzentratzen da, hala nola hauetan: bidezko merkataritza, finantza etikoak, tokiko ekoizpen iraunkorra, arroparen kontsumo arduratsua eta erosketa publiko arduratsua.

2009tik, hausnarketa-lan hori gauzatzeko eta euskal gizartea kontsumo-eredu kontziente eta arduratsuagoetara hurbiltzeko, udalerri etikoak estrategia erabiltzen dugu, eta, bertan, udalerri bakoitzaren elkarte-sarearekin lan egiten dugu: euskal udalerrietako emakumeen elkarteak eta erakunde sozialak, kulturalak eta politikoak, kontsumo-eredu arduratsuagoak hurbiltzeko lan egiten dutenak.