2019-20rako prestakuntza eskaintzaren inaugurazioa, Afroféminas kolektiboarekin batera

11/Iraila/2019 | Albisteak

SETEMen Balio Faktoriaren udazken-neguko programazio berria prest dago! Tailer, ikastaro, topaketa. etab. ugari izango ditugu kontsumo arduratsuaren inguruan, eta irailaren 26an hasiko gara inaugurazio-ekitaldi batekin. Begiratu programan gehien gustatzen zaizkizun ekintzak eta eman izena!

Udazken eta negu hauetan, hil bakoitzean prestakuntza-jarduerak antolatuko ditugu kontsumoari loturiko gai baten inguruan. Hala, sasoi honetan, bidezko alternatiba jasangarriak aztertuko ditugu, bai eta indarkeria matxistarik gabeko kontsumo bat ere, arroparen kontsumoan sakonduko dugu, eta bizimodu jasangarriagoen bila ibiliko gara.

“Begirada afrofeminista bat: arrazismoa eta matxismoa merkatu librearen aroan” izenburuko jardunaldiarekin jarriko dugu abian Balio Faktoriaren 2019-20 ikasturtea. Sarrera librekoa, irailaren 26an egingo da, 18:30ean, Gasteizko Aldabe gizarte-etxeko ekitaldi-aretoan.

Ekitaldian Khady Fall izango dugu gurekin, Afroféminas kolektiboko aktibista bat. Onlineko komunitate bat dira, iritziaren, kazetaritzaren, literaturaren eta poesiaren bidez afro-jatorrikoak/beltzak eta arrazializatuak diren emakume gaztelaniadunei ahotsa eta ikusgaitasuna ematen diena.

Fallekin egingo dugun ibilbidean, arrazakeriaren eta gizarte-klasearen arteko harremana izango dugu hizpide, edo nola normalizatzen dituen publizitate hegemonikoak jokabide sexista, arrazista eta homofoboak, desparekotasunak sortzen lagunduta. Nola aurre egin diezaiokegu horri geure kontsumoaren bidez?

Gainera, oraingoan ere, Faktoriaren prestakuntza-jardueretan parte hartzeak aukera emango du SETEMek Latinoamerikan antolatzen dituen elkartasun-auzolandegietara bidaiatzeko.

Fabricando Mujeres dokumentalaren fotograma bat. Afroféminas-ek parte hartu zuen.