#outFit ehungintzarekin lotutako dantza ikuskizuna heldu da Ordiziara

16/11/2020

SETEM Euskadi

siguiente

Datorren azaroaren 20an, ostirala, Mou Dansa Valentziako konpainiaren #outFit dantza ikuskizuna izango da Ordizian. Modaren industriarekin lotutako ikuskizuna izango da, 17:00etan Herri Antzokian. Sarrera doakoa da. Gonbidapenak Barrena Kultur Etxean banatuko dira.

Ikuskizuna SETEM Hego Haizea, Calcuta Ondoan eta Ikertze Kultur Elkarteak Ordiziako Udalarekin batera abian jarritako 'Harimakila-tik ihesi' proiektuaren barruan dago.

Lana SETEM-en ideia batetik abiatu zen, eta modaren munduaren esklabismoari buruzko hausnarketa hartuta -arropa ekoizpenaren nahiz kontsumoaren munduan- lengoaia eszeniko desberdinekin egindako esperimentazioaren emaitza da. #outFit dantza ikuskizunak, zehazki, arropa-kontsumoaren eta, oro har, kontsumoaren inguruko sentimendu kontraesankorra planteatzen du. Jessica Martin, Isabel Abril Fernández, Isabela Alfaro, Abel Martí eta Sergio Navarroren zuzendaritzapean egina dago.

Lanaren sortzaileen arabera, #outFit "jantzi eta osagarrien konbinazioa da, denboraldiaren eta ekitaldi sozialaren arabera aukeratzen duguna. Abagune askotarako udako outfitak daude:  festetara joateko, ezkontzetara, negozioetarako, norbaiteko elkartzekoak egiteko, hondartzan gauez, lanerako, nire ehorzketarako... Arroparako dugun desio sutsuak miseria egoerak sortzen ditu munduko beste leku batzuetan. Nola kudea dezakegu errealitate hori aurkitu dugunean? Lau gizabanakok, gau batean parrandan doazenek, oso ondo aukeratu behar dute outfit-a, agian uste dute aukera horretan dutela jokoan bizitza".

Harimakila proiektua
Jarduera hori irailaz geroztik Ordizian garatzen ari den Harimakila proiektuaren parte da, eta Asiako ehungintzako langileek jasaten duten giza eskubideen urraketaz sentsibilizatzea du helburu, Arropa Garbia Kanpainak proposatutako balioetatik abiatuta.

Calcuta Ondoan, Ikertze Kultur Elkartea eta Setem Hego Haizea elkarteek bultzatutako proiektua da, Ordiziako Udalaren eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren laguntzarekin. Proiektuak "Harimakila-tik ihesi" ihes-aretoa du Cartonajes Nadalen azaroaren amaierara arte, eta programazioaren barruan hainbat jarduera osagarri garatu dira, #outFit, esaterako. Proiektuari buruzko informazio gehiago bere webgunean kontsulta daiteke: https://www.harimakila.org/.

#outFit Ordizian.

Informazio gehiago:

- Ezagutu HEMEN Harimakila proiektuaren inguruko informazio gehiago eta ekintzak