Estereotipoak hausteko eta gatazkak konpontzeko panelak

22/11/2017

SETEM Euskadi

siguiente

SETEMek Adi Lagun! proiektua hasi du aurten Oñatiko Elkar Hezi ikastetxearekin batera, eta, proiektu horren bidez, Lehen Hezkuntzako ikasleek estereotipoak hausten dituzten eta gatazkak konpontzeko adostasuna lantzen duten horma-irudi batzuk sortu dituzte elkarlanean. Lan horiek SETEMen, Elkar Heziko irakasleen eta Eider Eibar margolariaren arteko lankidetzaren emaitza izan dira, Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantzazioarekin.

Aurkezpen ekitaldira gonbidatu nahi zaitugu, datorren larunbatean azaroak 25, goizeko 11:30etan Oñatiko Elkar Hezi Ikastetxean.

Elkar Hezi, 2016tik aurrera, Zaren-Sare - Enredando sareko kide da; dena dela, 2012. urteaz geroztik dihardugu elkarlanean. Azken urte hauetan, Indarkeria kontsumitzen dugu? izeneko ikerketa oinarri gisa hartu dugu elkarrekin egindako lanetarako, eta horren adibide da Curriculum Vitae proiektua: batxilergoko ikasleek iragarki-agentzia bat jarri zuten martxan, oñatiarrei beren herriko zenbait emakumeren bizi-istorioak erakusteko eta, hala, emakumeek egiten dituzten eta sarritan ezkutuan gelditzen diren lan horiei balioa emateko.

Orain, helburutzat azaroaren 25a dugula, Emakumeen Kontrako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna, Elkar Heziko Lehen Hezkuntzako ikasleek lau margolan handi sortu dituzte, estereotipoen inguruan ikertu, desberdinkerietan sakondu eta pertsonaien sorrera eta gatazken konponketa landu ostean. Horren guztiaren emaitza gisa, zenbait panel egin dituzte ikastetxeko paretetan zintzilikatzeko.

“Lehenik 12 pertsonaia sortu genituen, eta, ondoren, zenbait gatazka-egoeratan jarri genituen pertsonaia horiek, egoerak hirunaka lantzeko. Gatazkei konponbidea aurkitu behar zitzaien, eta, gero, arazoa identifikatu eta arazo horrekin zer egin behar genuen jakin. Paneletan islatu dugu hori dena”, dio Eider Eibarrek, proiektuaren dinamizatzaile eta margolariak.

Gizartea eraldatzeko, garrantzitsua da sorkuntzaren bitartez ikasleak mobilizatzera bultzatzea eta haiengan eragitea, eta hortik atera da ideia hau. SETEMek, modu horretan, kontsumo kritiko, arduratsu eta eraldatzailea sustatu nahi du ikuspegi feminista batean oinarrituta, kontzientzia kritikoa sortzeko asmoz.

Elkar Hezi Ikastetxea.

Bideoa: goiena.eus