Bizitza larrialdi klimatikoaren menpe. Gasteiz konexioan

13/11/2019

SETEM Euskadi

siguiente

Laugarren urtez, Gasteiz konexioan abian jarriko da Gasteizen eta munduko beste lekuen arteko loturak ezagutze aldera. Azaroaren 28an izango da, arratsaldeko 18:30etan, Gasteizko Aldabe Gizarte Etxean. Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundeak antolatuta, eta SETEMen parte hartzearekin.

Ingurugiroarekiko eta planetarekiko kontzientzia (azkenean!) piztu omen den urte honetan, larrialdi klimatikoa abiapuntutzat duten zenbait istoriok aldaketa klimatikoa eta giza eskubideak txanpon bereko bi aldeak direla erakutsiko dute, lehenengoak bigarrena baldintzatzen baitu.

Hondamendi naturalak, lehorteak, uholdeak, itsasoaren mailaren igoera, elikagaien eskasia, gero eta muturrekoagoak diren gertakari metereologikoak, beharrezko migrazioak, pobrezia, desberdintasunak… aldaketa klimatikoaren ondorio batzuk baino ez dira. Baina, zeintzuk dira horien kausak?

Ekologistak Martxan erakundeko pertsona batek eta, ekintza honetan parte hartzeko Gasteiz bisitatzen duen Acción Ecológica de Ecuador (SETEMen erakunde kide dena) erakundeko kide den beste batek, aldaketa klimatikoaren kausen inguruan elkarrizketan jardungo dute. Hauen ondorioak aztertuko ditugu ere, errealitatea bihurtu baitira dagoeneko geure tokian tokiko esparruan, Araban, baina baita urrunago dauden eskualdeetan ere, adibidez, Ekuadorren.

Baina egun errealitate dena irauli egiteko, garaiz gaude! Sentsibilizazio jardunaldi honetan larrialdi klimatikoa geldiarazteko gure eskuetan dagoena ezagutuko dugu, besteak beste kontsumo arduratsuago bat. Horretarako, Bionekazaritzak, Arabako Nekazaritza Ekologikoaren aldeko elkarteak, baserriko nekazaritzak mehatxu hau murrizten lagundu dezakeela aztertuko du. Bestalde, Fridays For Future/Juventud por el clima Gasteiz antzeztokia hartuko du gazteen aldarrikapenak erakusteko eta etorkizunik gabeko planeta bat oinordetzan jaso nahi ez dutela ozen esateko.

Asier Kidam magoa gurera etorriko da ere ilusionismoa eta ingurugiroa zaintzeko kontzientzia uztartzen duen ikuskizunarekin. Jakin badakigu magiak ez duela larrialdi klimatikoa gelditzen; norbanakoaren konpromisoak, kontzientzia kolektiboak eta benetako borondate politikoak soilik, baizik. Hortaz, bere ikuskizun honek lagunduko du gure planeta zaintzeko garrantziaren inguruan sentsibilizatzeko.

Eta hau guztia, Green Valley emanaldiarekin, akustikoan (kitarra eta ahotsa); eta Maribel Salas aktoreak aukeztua.

PARTE HARTU! Ez zaitu axolagabe utziko. Ekintza doakoa izango da toki guztiak bete arte.
#GasteizEnConexión

Laguntzaileak: Gasteizko Udala, Arabako Foru Aldundia eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia

Argazkia: Coordinadora ONGD Euskadi

Informazio gehiago:

- Informazio gehiago HEMEN

- Ezagutu HEMEN Acción Ecológica de Ecuador